Terrazak berotuz ere berotze globala areagotzen dugu
Eguzkik berriro eskatuko dio Donostiako Udalari taberna eta jatetxeetako terrazetan berogailuak jartzeko baimenik ez emateko, energia asko kontsumitzen dutelako eta, ondorioz, kutsadura handia ere sortzen dutelako. Egia esan, eskaera hori orain dela ia hamarkada bat egin genuen, 2011n. Udalak orduan esan zuen gaia “aztertzen” ari zela, eta seguruena aztertzen jarraituko du, geroztik ez dugulako izan azterketa haren ondorioaren berririk (1).
Baina hamar urte geroago gaia berriz ere mahai gainean dago hiri eta herri askotan, klima-larrialdiak sortu duen sentsibilitate berriaren eraginez, zalantzarik gabe. Izan ere, egunotan albiste izaten ari da hedabide eta sare sozialetan Rennesko Udalak terrazetako berogailuak debekatu egin dituela. “Aurrean dugun erronka ekologikoa kontuan izanda, espazio publikoan eredugarri jokatu behar dugu. Inork ez badu berogailua jartzen bere etxetik kanpo, zergatik espazio publikoan?”, adierazi du Renneseko alkateorde Marc Hervék.
Rennes Frantziako Estatuko lehen hiri handia da erabaki hori hartzen, baina Grenoble, Bordele eta Angers bide beretik omen doaz, baita Paris bera ere. Egia esan, Parisen zenbait neurri murriztaile hartzen saiatu ziren orain dela urte batzuk.
Eta Donostian? Donostian ere Udala gaia “aztertzen” ari da, antza denez, oso sakon, gainera, ia hamar urte baitaramatza hori egiten, arestian esan dugun bezala. Izan ere, 2011ko udaberrian, Eguzkik eskatu zion terrazetan berogailuak jartzeko baimenik ez emateko, ingurumen-arrazoiengatik (eta horrelako instalazioek egoera jakin batzuetan sor dezaketen arriskua saihesteagatik). Koherentzia-kontua ere bazen, eta jarraitzen du izaten. Garai hartan, Udala Energia Iraunkorraren Ekintza Plana lantzen ari zen, hirian energia-kontsumoa murrizteko eta optimizatzeko asmoz. Testuinguru hartan –gaur egun bezalaxe, bestalde– zentzugabekeria zen proportzioan energia asko kontsumitzen duten eta oso kutsagarriak diren berogailuak baimentzea, zertarako, eta espazio irekiak berotzeko!
Garai hartan ere, eta aldi berean, Udala ostalaritzako gremioarekin bilerak egiten ari zen, indarrean sartu berria zen Tabakoaren Aurkako Legearen eragina terrazen bidez nola arindu adosteko. Bilera haietako baten amaieran, Enrique Ramosek, orduan Garapen Ekonomikoko zinegotzia zenak (2), adierazi zuen Udalak, momentuz, ez zuela berogailuak debekatzeko asmorik, baina erregai fosilik erabiliko ez zuen modelo “iraunkorrago” baten bila ari zirela, berogailu gehien-gehienak gasez elikatutako perretxiko modelokoak zirelako. Zinegotziak esan zuenaren arabera, ostalariak berak ari ziren bilatze-langintza hartan. Are gehiago, dagoeneko begiz jota omen zuten modelo berritzaile bat: itzalkin edo sonbrilla bat, beroa gordetzeko aukera ematen zuten eguzki-plakak zituena. Nolanahi ere, udaberrian geunden, hotza atzean geratua zen, eta Ramosek ohartarazi zuen udazkenean gaiari berriz ere ekingo ziotela.
Udazkena iritsi zen, baina gaiari ez zioten berriz ere heldu. Horregatik, urte hartako abenduan, Udalbatzan terrazei buruz eztabaidatu behar zela aprobetxatuz, Eguzkik berriro ekin zion: “Udalak ostalaritzari Tabakoaren Aurkako Legeak eragin dizkion kalteen ordaina edo krisiari aurre egiteko laguntza eman nahi badio, beste bide batzuetatik jo beharko du, baina ezin du ezikusiarena egin energia xahutu eta ingurumenari kalte egiten dioten kale-berogailuen aurrean”. Alferrik izan zen.
Baina berogailuok hainbeste kutsatzen dute? Proportzioan, bai. Carbone 4 trantsizio energetikoan espezializatutako aholkularitzak eman duen eta egunotan medioetan behin eta berriz aipatzen ari den datuaren arabera, egunean 8 orduz funtzionatzen duten lau butano-berogailuz hornitutako terraza batek 350 kilometro egiten dituen auto batek adina kutsadura sortzen du. Beraz, bai, proportzioan berogailuek energia asko xahutzen dute eta kutsadura handia sortzen dute.
Eta elektrikoak badira? Baita ere. Tira, iturri berriztagarrietatik datorren energia ziurtatua erabiliko balute, onargarriagoak lirateke, baina, berez, bai. Azken batean, kontsumitzen ez dena da kutsatzen ez duen energia bakarra.
Eta Udalak horrelako berogailuak erabiltzeagatik “tasa ekologiko” bat kobratuko balu? Ez eman Udalari horrelako ideiarik, kontua ez baita diru gehiago biltzea, gutxiago kutsatzea baizik.
Berogailuak terrazetatik kentzeak bezero batzuen ohiturak aldatzea ekar lezake? Bai, seguruena bai. Ez da zentzuzkoa pentsatzea klima-larrialdiaren kontra egingo dugunik, ezta egokituko garenik ere, eguneroko usadioetan aldaketarik egin gabe. Baina usadio-aldaketak arrazoi askorengatik gertatzen dira eta ez dute zertan beti txarrak izan. Edo ahantzi ote zaigu terrazetako berogailuen fenomeno hori Tabakoaren Aurkako Legea indarrean jarri izanarekin lotuta dagoela?
Ondo, dagoeneko badakigu berogailuek energia asko kontsumitzen dutela, eta kutsadura handia sortzen dutela. Baina, esan dugun bezala, proportzioan. Hau da, badira askoz energia gehiago kontsumitzen duten eta kutsadura handiago sortzen duten agenteak, jakina. Baina udalak energia/kutsadura alorrean ez badu handira jokatu nahi (esaterako, uko egiten dio espresuki zaborren gaikako bilketa eraginkorra ezartzeari), ezta txikira ere (modu didaktiko batean sikiera, Gabonetako argiak murrizten edo terrazetako berogailuak debekatzen), zertarako ari da etengabe iraunkortasunaz eta ekonomia zirkularraz hitz egiten? Zertarako Klima DSS 2050 Ekintza Plana? Zertararako balio du apirilaren 22an, Planetaren Egunean, argiak ordubetez itzaltzeak? Zertarako joan da alkatea COP25era? Madrildik ere hamaikagarren aldiz errepikatzeko bera ere klima-larrialdiarekin oso kezkatuta dagoela? “Baina oso kezkatuta, e?”. Horretarako bakarrik? Propaganda sinesgarri egiteko neurriren bat, tarteka, behintzat, hartu beharko da, ezta? Guzti-guztiak ezingo du beti itxurakeria eta itxurakeria hutsa izan, ezta?
Enrique Ramosek 2011ko apirilaren 7an egin zuen prentsaurrekoaren laburpena Europa Press agentziaren honako lotura honetan aurkituko duzue:
https://www.europapress.es/euskadi/noticia-ayuntamiento-san-sebastian-estudia-sustituir-calefacciones-seta-sistema-mas-sostenible-20110407143122.html
Nolanahi ere, El Diario Vasco-k eta Noticias de Gipuzkoa-k hurrengo egunean eman zituzten informazioak ere gehitzen ditugu.
Enrique Ramos, garai hartan, Garapen Ekonomikoko zinegotzia zen. Aurreko legealdian, berriz, Hirigintza Iraunkorreko zinegotzi izan da, eta lotsagarri jokatu du Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin. Belartzan pistak ireki eta harriak tonaka pilatu zituzten legez kanpo, Ramos beste aldera begira ari zen bitartean. Lourdes Txikin gauza bera egin zuen –ezer ez, alegia– babestutako harizti bat bota zutenean. Seguruena kasu haietan erakutsi zuen sentsibilitateagatik, legealdi honetan Ekologiako zinegotzi izendatu dute! Gauzak horrela, izendapen hori adar-jotze hutsa dela iritzita, Eguzki eta Haritzalde talde ekologistok Ingurumeneko Aholku Udal Kontseilutik alde egitea erabaki dugu, aipatutako bi triskantza horiek konpondu bitartean, behintzat.
Martin Anso, Eguzkiko kidea