Tigre bat Miramar jauregian
Kaliforniako hondartzetako kontua zela uste genuen, baina ez, antza denez Donostiako hondartzetan ere azaltzen dira marrazoak. Abuztuaren 10ean gertatu zen, tarte batean Kontxa eta Ondarretako hondartzak itxita egon ziren ustezko marrazo baten presentziagatik.
Eta gero esango dute abuztuan ez dela ezer gertatzen, bada, abuztuaren 10 hura efemeridez betetako eguna izan zen; izan ere, egun berean Donostiako piratek sinbolikoki abordatu zuten Donostia. Benetan kasualitate xelebrea. Konspiranoiaren garaietan bizi gara, eta ez da faltako honetan ere konspirazio zantzuak ikusten dituenik. Agian Donostiako Udalak zabaldutako trola bat izan zen dena, hondartzan pilaketa bat saihesteko abordaia sinboliko horren bueltan. Zaila zait hau sinistea, egia esan ezin dut imajinatu udala horrelako jarrera paternalista bat izaten jai herrikoiekiko. Kasualitatea izan zen zen, besterik ez.
Aurtengo uda berezi honetan jai herrikoiak antolatzen dituzten eragileei ez zaie aukerarik eman ezer antolatzeko, ustez ez zutelako arduraz jokatuko. Guztia trabak izan dira: esaterako, frontoietan kultur ekitaldiak antolatzeko debekua ezarri zen hasieratik, eta honek funtsean suposatu zuen auzoetako jai batzordeek edukiera mugatuarekin ekitaldiak egiteko zuten aukera bakarrenetakoa ezeztatzea. Udalak, ordea, antolatu ditu bere jaiak «Abuztua Donostian» izenpean. Miramarren egin zuten aurkezpena abuztuaren 8an, lastima jai herrikoietako kideok ez genuela abisua pasatu, egun horretan, kasualitatez tigre bat azaldu baitzen Miramar jauregian.