«‘Todo o nada’»
Casi 12.900 estudiantes vascos se juegan su futuro al todo o nada en la selectividad». Horrela esaten zuen egunkari bateko titularrak. Erositako prezioan.
Ez naiz hasiko aspaldian komunikabide askok hartu duten esajeratzeko joerari buruz hizketan. Gaiak luzeegirako emango lidake, uste dut.
Eta, gainera, gehiago harritu nau (eta kezkatu) «todo o nada» horren atzean ezkutatuta antzematen denak. Badakit, zenbait ikasleren ilusioak hautaprobetako notaren arabera bete edo zapuztuko direla, baina kontua zer da, selektibitatea gainditu eta unibertsitatera joatea dela «todo» eta suspenditu eta Lanbide Heziketara joatea «nada»? Edo, 12tik gora atera eta medikuntza edo ingeniaritza biomedikoa egitea da «todo» eta 9ra ez iritsi eta irakasle ikasketak egitea «nada»?
Kontuz nolako baloreen arabera neurtzen ditugun pertsonak!
Bueno, pasatu da astebete, eta 12.900 ikasle horiek atzo jaso zituzten hautaprobetako notak eta, zenbakiak zenbaki, agur ekitalditxo bat egiten diegu urtero gure ikastolan.
Besteak beste, bertso hau kantatu nien nik. Nahi duenarentzat:
Matrikula ateratzen du nota onak dituenak,
eta suspensoak gure bidetik joan ez denak.
Ta batzuk nahiko lan dute ulertzen euren barrenak,
gainditzen gaindiezinak ematen duten problemak…
Zerotik hamarreraino neurtzen zaituztegu denak,
posible balitz bezela zenbakiz neurtzea senak!
Horrela sailkatzen gaitu gure hezkuntza sistemak
baina ez zazute ahaztu, denak zerate onenak!