Tokiko merkataritza sustatzea: lan kolektiboa da
Santa Lucia txurro denda erretiroagatik itxi da, 66 urteko jardueraren ondoren. Garrancho ostalaritza taldeak erosi du. Berri tristea Parte Zaharreko bizilagunentzat, dudarik gabe.
Txurro denda hau alternatiba bat izan da guraso askorentzat. Izan ere, ez dira gutxi bat ez datozenak auzoan bere seme-alabentzako nagusi den aisialdi ereduarekin, alkoholaren kontsumoarekin lotutakoa baita, oro har.
Turismo gentrifikatzaileak gure egunerokotasunean galera eragin du, eta lotura estua izan du merkataritzaren desplazamenduarekin. Parte Zaharreko aldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalen atzean dago. Eragin orokorra du, baita tokiko merkataritzan ere.
Bertako merkataritza behar dugu, auzokoa, betikoa, bertako biztanleen oinarrizko beharrak asetzen dituena.
Ukaezina da pandemiak hankaz gora jarri zuela sektore ekonomiko askoren bideragarritasuna. Tokiko merkataritza ez zen salbuespena izan. Baina sektorearen zailtasun batzuk atzetik zetozen: ohitura aldaketak, Amazonen moduko plataformen arrakasta, saltoki handien ugaritzea, eta abar. Lehenago ere kalte nabarmena eragin zuten.
Parte Zaharraren kasuan berezko zailtasunak gehitu behar dizkiogu goikoari. Ostalaritza beste sektore ekonomikoen artean gailendu da, auzoa merkatu gastronomiko handi bat bihurtzeraino, turismoa erakartzeko ezinbesteko elementu gisa. Hauxe da, hain zuzen ere, gure elkarteak aipatu izan dituen beste arrazoi batzuekin batera, tokiko merkataritza tradizionalaren ordez, pixkanaka, soilik turistarentzako den beste merkataritza mota bat nagusitzea ekarri duena eta bertako bezeroak uxatu dituena.
Ez da erraza nahi dugun hiria argi irudikatzea, baina horretarako borondatea izan behar da eta denbora eta baliabideak eskaini behar dira tokiko merkataritzak behar dituen baldintzak bultzatzeko beharrezkoa den energia sortzeko.
Gure ustez, merkataritza txikiak, tokiko ekoizlea eta artisaua sustatzen duen neurrian, ekonomia erreal baten oinarria ahalbidetzen du. Sare lokal ahaltsuak eta elkarri lotuak sortzea eta praktikan jartzea benetako aukera izan daiteke. Udalak lagundu egin beharko luke.
Eta, azkenik, egoiliar garen aldetik, multinazionaletan eta banaketa kate handietan erosteari utzi behar diogu, pobrezia kolektiboa eragiten baitute. Botere handia dugu, baina erosotasunagatik, kontzientzia faltagatik edo familia eta lan arrazoiengatik ez dugu botere hori erabiltzen. Tokiko merkataritzan erosten badugu, ordea, eta arduraz egiten baditugu erosketak, kontsumoa murriztuz eta kalitatea hautatuz, ahalmena izango dugu aberastasuna sortzen eta espekulazioa zailtzen duten fluxu ekonomiko kontziente eta errealak sortzeko.
Nahi dugun hiria imajinatzeko premia larria dugu, berezko kultura eta merkataritzaren bidez, auzoa jendearentzat berreskuratuko duen proiektua egiteko, espazio publikoak berreskuratzeko. Eztabaida irekita dago!