Tortura. Aitortzeko garaia da
Tortura ez zen izan polizia deskontrolatu batzuei eskutatik joan zitzaien egoera bat. Ondo diseinaturiko gurpil bat izan zen, eta maila bakoitzean zegoen hau posible egin edo hau ezkutatzeko lan egiten zuen arduradun bat.
Urteetan ukatutako errealitate ezaguna izanik ere, milaka gara pertsona torturatuak. Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketek zifra zehatza jarri zioten, eta jakin badakigu gehiago ere bagarela.
Hamarkadak daramazkigu torturak utzi zizkigun zauriak, bakoitzak dakigun eta ahal dugun eran, gurekin eramaten. Egunerokoaren martxa normalaren mesedetan, gure burutik desterratu ezin duguna gure elkarrizketetatik desterratu dugu askotan. Nola egin gaiari loturik dagoen isiltasuna apurtzeko? Nola ikusarazi? Nola esan kolpeak, garrasiak, umiliazioa, poltsa, elektrodoak, bainuontzia, exekuzio simulazioak, bortxaketa fisikoak… ezagutu ditugun pertsonak garela? Horrek maila askotan utzi dizkigula zauriak? Nola kontatu gure artean ere geure buruak sailkatzeko joera daukagula, eta torturaren katalogo guztia aplikatu ez zigutenei kosta egiten zaigula gurea kontatzea, are gehiago sufritu zutenen kontakizuna gurearekin estaltzeko beldurrez?
«Donostian ere, ehunka gara tortura pairatu dugun pertsonak, eta horietako asko jada saretu gara»
Urtea bete da Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu zenetik. Kursaalen izan zen batzar jendetsuan isiltasunetik kontakizunera pasatzeko tresna bat sentitu genuen torturatuon esku, torturatzaileen inpunitatearekin bukatzeko urrats bat egiteko. Saretze prozesu erraldoi batean murgildu gara, Euskal Herriko torturatu bakoitzarengana iritsi eta tresna hau guztiona egiteko, banan-banan kontatzeko zailak diren bizipenak oihu kolektibo bilakatzeko eta tortura modu sistematikoan aplikatu zigutela aitortzeko garaia dela aldarrikatzeko.
Horretan ari gara. Donostian ere, ehunka gara tortura pairatu dugun pertsonak, eta horietako asko jada saretu gara. Kaxilda liburu dendan izan dugu hilero topagunea, eta hala izango da aurrerantzean ere, saretzeko informazioa eta erraztasunak eskaini eta elkarrekin egingo dugun bidea azaltzeko. Denengana iristea ez da posible izan oraindik, baina sareak zabalik jarraituko du.
Iazko lehen batzar jendetsuaren bidetik, datorren otsailaren 14an Eibarren elkartuko da, berriro, Euskal Herriko Torturatuen Sarea. Torturatu orori egin nahi diogu parte hartzeko gonbita. Gurea kontatzeko unea da.
