Torturak segitzen du
Gezurra badirudi ere, urteak aurrera, torturak segitzen du munduan zehar eta indarrean, gainera. Beti abolitu behar dela diote, baina estatu nagusiek hor jarraitzen dute, etengabe, nahiz eta NBEk 1984an esan zuen abolitu behar zela.
Duela gutxi, Mosku inguruan atentatu bat izan zen kiroldegi bateko rock kontzertu batean. Bertan, 133 pertsona hil zituzten eta hamaika izan ziren atxilotuak. Berehala, ustezko hitzaileak harrapatu zituzten Ukrainara zihoazela, eta, handik gutxira, komunikabideetan azaldu zituzten.
Atxilotuak Tayikistangoak, Afganistan iparraldeko herri batekoak, zirela esan zuten eta haien egoera negargarriak erakusten zuen, garbi, torturatuak izan zirela, izan ere, aurpegi eta gorputz itxura begiratzea nahikoa zen torturatuak izan zirela antzemateko. Baina, inork ez zuen ezer esan. Dmitry Peskok, Kremlineko bozeramaileari galdetu ziotenean ea torturatuak izan ziren, ukatu egin zen erantzutera.
Beti abolitu behar dela diote, baina estatu nagusiek hor jarraitzen dute, etengabe, nahiz eta NBEk 1984an esan zuen abolitu behar zela
Guantanamoko badian preso dauzkate irailak 11ko New Yorkeko sarraskian, ustez, parte hartu zuten zenbait, eta 2012an hasi ziren preso horiek epaitzen. Jada, denbora honetan guztian, hamabi epaile izan dituzte. Epaitzen dituztenak tortura aztarna nabarmenak dituzte eta, jakina, zahartzen ari dira. Ipurdiko uzkia apurtuta, eseri ezinik daukate Mustafa al Hawsawi. Ramzi izeneko beste bat burutik jota dago jasan dituen torturengatik «hobetutako galdeketa teknikak» darabitzkite heriotza zigorrera kondenatuak dauden preso hauek. Agintariek dituzten frogak CIAk torturapean egindakoak dira eta defentsak esaten du ez dutela balio.
Adnan al-Barash Palestinako 50 urteko zirujau ezaguna eta ortopediako arduraduna, duela egun batzuk, Israelgo espetxe batean torturapean hi zuten beste preso palestinar batekin. 496 dira osasun arloan lan egiten zuten eta hil dituztenak.
Duela egun batzuk, Eneko Etxebarriak (EHUko irakaslea eta Azpeitiko alkate ohia) artikulu bat idatzi zuen Berria-n eta beste gauzen artean hau zioen: «Gure memoria ezabatzen direneko urteurrena dela. Urtebete pasatu da, hainbat udalek Arantzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean zituzten memoria webguneak presio mediatiko eta politikoaren eraginez itxi zituztenetik»; «ez dute lekurik udaletatik bultzatutako bizikidetza mahaiek edota biktima guztiak inolako bazterketarik gabe identifikatzeko lanek»; «ezinbestekoak dira udaletako oroimen lanak eta txostenak…»; «horregatik, oroimena itzalita daramagun urtebete honetan, zentzua eta arrazoia gailentzeko esperantza ez dugu galtzen».
Zer esango dizuet?