'Trail-running'-ak vs betiko mendi martxak
Igandean, ekainaren 2an, Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan zen. Konpetentzia, arrakasta, zirrara, abiadura, adrenalina, markak (denbora eta materialak), … gaur egungo abiadura handiko jendarte azkarrak gogoko duen kirol eredua.
Nik slow trail-a aukeratu nuen igandeko plan bezala: Donostiako Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen duen 79. mendi martxa. Bi aukera proposatzen zituzten: ibilaldi luzea, 45 km, Irañeta-Lizarra; eta motza, Zunbeltz-Lizarra, 24 km. Gainbeheran omen dago martxa, baina ni poz-pozik bueltatu nintzen etxera, eta beraz, saiatuko naiz zuei azaltzen zergatik animatu horrelako proposamenetara, eta zergatik diren, azken finean, gaur egungo kirol-ereduari alternatiba bikaina.
Giza mailako proba. Adin (heldu) eta gorputz ia guztientzat egokia den ibilaldia proposatzen dute. Erronka bat da, nekagarria, baina emandako erraztasun guztiekin erabat egingarria eta arina.
Erosoa. Ibilbidean zehar kontrolak daude, mendizaleen denborak hartu eta bideko oharrak ematen dituzte antolatzaileek eta bidean aurrera egiteko nahi adina edari, fruitu, eta janari energetikoak. Oihalez eta paperez egindako markak ere bide osoan zehar. Hauek ibiltari adiaren begiradan agertuko dira nonahi, paisaiarekin jolasean, baina galtzeko aukerarik eman gabe. Hau plazera! Telefono eta tramankulurik ateratzeko beharrik ez izatea!
Ederra. Fortunak mimoz aukeratzen du urtero ibilaldia, eta mendizale koadrila bat aldez aurretik ibiltzen da bideak prestatzen, txoko ederrenetatik igaro ahal izateko. Gaur bertan Irantzuko monasterioko gainaldean pasatako basoa, izugarri polita zen. Udaberriko lili guztiak loratuta zeuden, zenbat espezie, forma eta kolore ikusi ditugun!
Euskal Herria ezagutzeko parada. Trekking-ak Alpeetan, Eslovakian eta Everesten (zein ez da izutu azken argazkiekin?), … Eta hemengo mendiak? Ezagutzen al dugu Euskal Herria? Nolakoak dira gure baso, zelaiak, herri-bideak? Beti miresgarri bilakatzen da Euskal Herriaren paisaia anitza, orain basoa, orain soroa, nekazal eremuak, ermitak, herriak, … Fortunako martxa beti Euskal Herria edo gertuko inguruetan egiten da, beti toki berriak, eta bereziak.
Kolektiboan antolatua eta zaindua. Fortunan bada profesional talde handi bat, baina gaur antolakuntzan ikusi ditugun gizon-emakumeak, boluntario lanetan ari ziren, maite duten zaletasun bat guztiekin partekatzeko ilusioak motibatuta. Nola nabari diren pertsonen borondatez egiten diren ekimenak! Mila mila esker egiten duzuen lanagatik!
Trail-running-aren modak mendia irentsiko duela dirudi, azkartasunak dena eta denok harrapatu nahi gaitu baina Fortunako Mendi martxa bezalako ekimenak kirola lasaiago egin, bizi, eta gozatzeko aukera eskaintzen du. Bakarka edo lagunekin egiteko mendi martxa bikaina.
80. martxan, han izenen naiz!