Trans izatea eta beste egunerokoak
Gorputzaren biziraupena adierazpen politiko gisa ez hartzea askok egintzat jotzen duten eskubidea da. Ertzetan mugitzen garenok sarri egin behar ohi dugu geure gorputzak sendatzeko bidaia, egunerokotasuna gudu zelai bihurtu ez dadin, edo gutxienez, borroka hezurretaraino sar ez dadin. Zeure buruarekiko gorrotoa pilatzen denean, ordea, ez dago hori arinduko duen erromantizaziorik, ezta soinu banda aproposik ere.
Ez dut ezer berririk esaten isiltasunean eta etxe barruan ematen diren biolentziek gure gorputzak zizelkatzen dituztela esatean, baina gaur beste moldaketa mota bati buruz idatzi nahiko nuke. Bizitzaren aldarrikapen bat egin nahi dut, baina pozetik. Biolentziak eta omisioak zizelkatzen dutelako gorputza bai, baina baita zaintzak eta maitasunak ere. Duela hilabete batzuk, maitale batek esan zidan zein harrigarria den pertsonok ingurune maitekor batera ohitzeko dugun gaitasuna, baita lehenago antzekorik ezagutu ez dutenen kasuan ere. Nire egunerokoa batez ere beste pertsona transekin partekatzea eroso hartzen dut nire bizitzako egia gisa, baina apenas hiru urte izan dira honelako sare bateko parte naizela.
Gorputz transak ez du justifikaziorik behar, gure errealitatea derrigor delako bizitzaren parte. Geure trans egunerokotasunean hedakorrak gara, psikiatren mugatik at.
Neure burua trans ez-bitar gisa izendatu nuen duela zortzi urte, baina bost urte beranduago ezagutu nuen lehenengo pertsona trans donostiarra. Eta izan dut aukera ikusteko nire esperientzia honek baduela zerikusirik Donostian ere gertatu ohi den bakartze prozesu batekin. Tamalez, beste leku batean loratzeko itxaropenarekin norbere leku txikitik ihesi beste nonbaitera joatea formakuntza queer-aren parte da eta. Bizipen honi «sexilio» deitzen diogu, eta nireak Madrilera eraman ninduen. Hiriburuaren ertzetan topatu nituen pertsonen zaintzak eta presentziak izan ziren bakardade bortitzaren aurkako sendabide. Hala ere, ezin nituen Madrilgo erritmoak nire egin, beti nuen eta oin bat itsasoaren bila. Hiri handi batean topa nezakeen askatasunak bazuen zapore gazi-gozo bat. Eta batez ere, bazekarren jakitea Donostian ez nuela antzekorik topatu.
Behin Donostiara bueltatuta, gaur egun baditut nire ispilu diren hainbat pertsona disidente, eta halako sare bat Donostian, nire hirian, topatu izana, 15 urteko Kayri gutun goxo batean bidaltzeko moduko berria da. Genero Identitate Unitatera egin beharreko bisitak txango bilakatzen ditugu. Elkarri bazkaria prestatzen diogu. Elkarri kateatuta egiten dugu lo munduak lepotik hartzen gaituenean. Gorputz transak ez du justifikaziorik behar, gure errealitatea derrigor delako bizitzaren parte. Geure trans egunerokotasunean hedakorrak gara, psikiatren mugatik at.