Trantsizio energ... zer?
Euskal Herrian, besteak beste, pegatina zaleak gara. Aldarri ia guztien bueltan sortzen ditugu: saltzeko, oparitzeko, logo berriak aurkezteko, ekitaldi baterako, mobilizazio batean postulatu eta banatzeko, autoan pegatzeko…
Hiriko auto gero eta gehiagotan ikusten ari naiz pegatinak. B, C, batzuek B eta C elkarrekin. Ezin dugu esan aldarri bati lotuta daudenik, ezta klima larrialdiarekin kontzientzia hartu eta ekarpena egiten diotenik ere. Gaur gaurkoz autoak kutsatzaile talde batean ala bestean sailkatzeko balio du, ezta? Noizbait pegatina hori ez izateak isunak jartzeko ere balioko du.
Ez dut gezurrik esango. Nik badut nirea. Kotxeko pegatina horren kontua sozializatzen hasi zenean, badaezpada ere Correosera joan eta nirea egin nuen. Inork ez du isunik ordaindu nahi izaten, ba nik ere ez. Hasieran pentsatu nuen, «bua seguru denok aterako dugula eta ateratzen ez duena isuna ekiditeko ez dela hiriaren erdigunera joango autoan». Trafiko gutxiago, beraz. Ba, ez. Erdigunera joaten naizenean saturatuta egoten da askotan. Beraz, pegatina hori da hiria gune berdeago egiten duena? Airearen kalitatea hobetu digu? Kri-kri-kri.
Ziurtagiri horren barruan sartzen ez den autoarekin orduan zer? Ez baduzu gutxiago kutsatzen duen auto bat erosteko haina diru? Neurri klasista da hau? Erantzuna duten galderak dira. Auto zaharrek (asko kutsatzen dutenak), beraz, hirigunean sartzea debekatuta dute. Baina zergatik zaharrek bakarrik?
Trantsizio energetikoari lotutako hirigintza moldaketak ezinbestekoak dira. Munduko hiri askok abiatu dituzte, esaterako, bulebarizazio prozesuak. Mugikortasun ohituretan eragitea ere gakoa da, eta ezinbestekoa da horretarako hiria modu jasangarrian mugitzeko prest egotea. Argi geratu zaigu GI-20an gurutzatzen gaituen auzoetan, bere moldaketak bizi kalitatea nabarmen handituko digula aspektu askotan, eta horietako bat da mugikortasuna.
Tematuta nago hiriaren antolamenduarekin, baina zinez jakin nahi nuke Donostian espazioaren % zenbat dagoen bideratuta erregail fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuetara. Oinezkoak espazioen ertzetara bideratuta gaude, espaloietara. Eskoletako patioen erdigunean futbol zelaiak daude eta kalean errepideak. Baloia eta erregai fosilak. Munduan diru asko mugitzen duten negozioen elementuak. Ez dut uste kasualitatea denik. Ezer ez da kasualitatea.