Tren-zubi zaharkitu eta zaratatsua Donostiako Miserikordia kalean
Bada hilabete pasatxo egunkari batean irakurri nuela Adif enpresak egindako lanei buruz Donostiako Iztueta plazan dagoen etxola estaltzeko. Bertan, trenen makineria gordetzen omen dute.
Ekimen ona dela esan beharrik ez dago, beti ere, ingurunea hobetzeko baldin bada. Halere, Adifek inguru horretan beste zeregin premiazkoagoak egiteke edo ahaztuta dituela uste dut: Groseko Miserikordia kalean dagoen burdinazko zubiaz ari naiz.
Adifek, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Donostia bazterturik utzi dute hiribururako sarbide egiturari dagokienez. Jakina denez, Gasteizen eta Bilbon sarrera horiek lurpekoak izango dira; Donostian, berriz, era guztietako adabakiak egiten ari dira, lehen zegoena baino txukunago gera dadin, baina jakina, lurperatu gabe. Horrelako lan erraldoi baterako ez da ulertzekoa nola ez den lehenetsi lurpekoa izatea geltokia.
Hori dela eta, Donostia alde horretatik baztertua izan denez, gehixeago ardura zitekeen enpresa trenen sarrera eta irteera inolako hutsik gabe uzteko; zehazki, lehen aipatutako zubian utzitako adabakiaz ari naiz.
Trenbideak ia etxebizitzen barruan dituzten bizilagunek, trenen zaratots itzela jasan beharrarekin bizi direnek, ondotxo jakingo dute zertaz ari naizen. Baina bizilagun horiek ez ezik, ingurumarietan bizi garenok ere, halabeharrez, ohitu beharra izan dugu burrunba eta kirrinka horietara, eta baita horren azpitik igaro beharra duen edonor ere; onartezina inondik ere! Horri guztiari gaineratu behar zaio pasabidearen mantenu eskasa, hezetasuna handia baita azpi horretan, eta arriskutsuena dena kableak agerian.
Ezin da normaltzat jo egitura dekadente horrek sortzen duen harrabotsa; are gutxiago arriskua. Horregatik, Adif enpresari edo dagokionari eskatzen diot, berandu baino lehen, esku har dezala egitura zaharkitu hori berritzeko.