Trump eta curriculuma
Aurreko batean irakurri nuen egunkariren batean, Trumpek esandako azkenetako bat: ez omen du nahi Zelensky negoziazio mahaian egoterik, harekin oso zaila omen da akordiotara iristea.
Eta deformazio profesionala izango da, baina etorri zitzaidan burura Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (12 urte) jasotzen duen konpetentzietako bat. Hona:
«Ingurunea 9. Gizarte ingurunean eraginkortasunez eta modu eraikitzailean parte hartzea, Adierazpen Unibertsalek eta Europako, estatuko eta autonomia erkidegoko legeriak bultzatutako printzipio demokratikoek ezartzen dituzten balioak errespetatuz, erakunde demokratikoek bakea eta segurtasuna mantentzeko duten funtzioa baloratuz, errespetuzko harremanak sortzeko eta gatazken kudeaketa baketsua eta elkarrizketa bidezkoa sustatzeko».
Eta, noski, esan nezake Trumpek ez lukeela inola ere Lehen Hezkuntza gaindituko gurean. Baina, batetik, errazkeria bat izango litzateke eta, bestetik, agerikoegia.
«Gure ikasleetako bat izango da, noizbait, Euskal Herriko lehendakaria, enpresa bateko zuzendaria […]. Eta hobe dugu ikasle horiek Trump baino pertsona osoagoak (irakurri hobeak, nahi baduzu) izatea»
Gehiago aritu naiz pentsatzen, hobe dugula matematika, hizkuntzak eta beste hainbat arloen logika gainditu, eta pertsona osoagoak (irakurri hobeak, nahi baduzu) heziko dituzten horrelako konpetentziak gure ikasleen ikasketa prozesuaren erdigunean jarri.
Izan ere, gure ikasleek ezingo dituzte Trump eta inguruan dituen pertsonaia beldurgarri horiek gelditu. Baina gure ikasleetako bat izango da, noizbait, Euskal Herriko lehendakaria, enpresa bateko zuzendaria, kirol klub bateko arduraduna, bere bizilagunen presidentea edo familia bateko gurasoa, adibidez.
Eta hobe dugu, denok, une hori iristen denean, ikasle horiek Trump baino pertsona osoagoak (irakurri hobeak, nahi baduzu) izatea.