'Turismoa eta hiri-eredua Donostian'
Turismoaren fenomenoa aspaldidanik da ezaguna Donostian. XIX. mendean zabaldu zenetik aurrera, hiriko bizitza sozialean eta donostiarren bizi-baldintzetan eragin zuzena izan du. Izan ere turismoa hiri-ereduarekin zuzenean lotzen den gaia da: hiriaren ehun-ekonomikoa, nortasuna, espazio publikoaren konfigurazioa eta herritarren bizi-baldintzez ari gara. Hiri-mailako eztabaida zabalaren ordua da. Eztabaida honen bidez sortutako konplizitate eta aliantzak bestelako hiri-eredua eraikitzeko indarrak metatzeko balioko digute; azken finean, herritarrak oinarrian dituen hiri ireki eta abegikorra eraikitzeko.
Azken urteetan, Donostia bisitatzen duten pertsona kopurua asko hazi da eta zenbait ondorio kaltegarri nabarmen handitu dira:
- Dagoeneko larria zen etxebizitzaren arazoa areagotzea ekarri du. Espekulatzaileek hiriko higiezin ahalik eta gehien erosteko estrategia basatia martxan dute. Apartamentu turistikoen ugaritzeak hiriko alokairuzko etxebizitza merkatua lehertu du.
- Hiriaren erdigunea transnazional kapitalisten eskuetan geratzen ari da.
- Turista gehien pilatzen diren guneetan prezioen igoera oso handia eman da; prezio altuak, Donostia bisitatzen duen turista profilaren errentari egokitutakoak. Honela, gune horiek erabat ukatzen zaizkie donostiar asko eta askori.
- Kultur ekimen publikoak bisitariak erakartzeko helburuaren arabera planteatzen dira; sorkuntza lanak marketing tresna gisa soilik dira baloratuak, produktuak edo hiria bera saltzeko baliagarritasunagatik. Gauza bera gertatzen da euskara eta kultura herrikoiaren elementu ororekin.
- Donostiako hiri-espazioak ber-ordenatzen eta diseinatzen dira, kapital irabazia handitu eta kontsumoa sustatzeko irizpide arabera soilik. Horri lotuta dago, esaterako, ondare arkitektonikoaren suntsiketa, operazio urbanistiko errentagarriagoen mesedetan; edo kaleetan negozioak hedatzeko jartzen diren erraztasunak.