Turismoa Parte Zaharrean
Mundua aldatzen ari dela ezin da ukatu; klima aldaketa adibide garbi dugu orokorrean, eta, gertuago, komunikabideetan zenbait pertsonaia aldatuta ditugu: Boris Izaguirre orain historialaria da, Federico Jimenez Losantos bera prentsa arrosako aitzindari bihurtuta… edo turista taldeen buru doazenak, gure hiriaren historia zertan datzan azaltzeko, batzuetan entzun egin behar dela zer azaltzen duten! Historia aldatzen dutela.
Guri bizitza aldatu digu turismoak, jakina, okerrera. Pisu turistikoak nonahi, hotelak, inoiz ikusi ez dena: tabernak turista ilararekin pintxo bat jatearren, kaleak jendez lepo, mahaiz, terrazaz, sandwichez betetakoak edonon. Auzoa aldatzen ari zaizkigula, tira, jada aldatu zaigula, izan ere, lehen auzo bizia eta auzotarra bazen, orain ostalaritzaren eta jatetxeen esku dagoen auzoa izatera igaro da. Auzo degradatu bat jasaten du —eta jasaten ari da— turista baten alde auzotar baten alde baino gehiago apustu egiten duen udal baten politikak. Hori gutxi balitz bezala, bere begitartea ere aldatu ez duen bakarra —lehendakaria— Japoniaraino doa, besteak beste, turista gehiago ekartzera, gutxi baleude ere. Nik gomendatuko nioke, hainbeste bidaiaren ordez, gehiago arduratu dadila pairatzen ditugun arazoez, hala nola osasunaz, etxebizitzaz, hezkuntzaz, eta abar. Eta gutxietsi egiten dituen funtzio publikoko langileez eta sindikatuez. Nork jasotzen du turismoaren onura?
Gutxiengo bat eta bertan, talde inbertitzaileak eskrupulurik gabekoak, auzo honen historia eta idiosinkrasia bost axola zaiela. Auzoko bizilagunentzat suposatzen du egoera jasanezina izatea, zikinkeria areagotzea, zabor poltsak pilatzea, garestitzea, zaratak, auzotik alde egitea erabaki duten bizilagunak, egoerak gainezka egin dielako; zeuden burdindegietatik bat bera ere ez da geratzen, supermerkatuak, tailerrak, bizitza osoko dendak, ostalaritzarako biltegi bihurtutako lokal tradizionalak ixten dituzte, eta okerrena, hori guztia udalak berak bultzatzen du. Hainbeste galdu da turismoaren kontua, ezen turista batek hiriko souvenir bat eraman nahi badu, bazar txinatar batean edo Rumi denda batean sartu behar baitu. Ona litzateke gaian sakontzea eta inplikatuta dauden sektoreek parte hartuko luketen azterketa talde bat sortzea, turismo jasangarri eta ez masibo eta kontrolik gabekoari buruz hausnartzeko, gaur egungoaren moduko turismoak auzokideen bizi kalitatea okertu eta jasanezin bihurtzen baitu.