X. Etxaniz Rojo: 'Turist class'
Ez dago modurik. Bost axola partida Anoetan den edo etxetik kanpo. Bost axola aulkian Berriatuko entrenatzaile bat dagoen ala Glasgow-en jaiotakoa da. Bost axola zeintzuk diren zelaian dauden jokalariak eta zeintzuk geratu diren harmailetan. Gaur egungo Reala talde tristea da.
Tristea, laua eta gatzgabea. Eta hau, ene lagunok, egiaztapen bat da ezen ez kexa bat. Egia da: Reala gai da Espainiako lehen maila eskoziarrean lehiatzeko. Eta egia da, halaber, Ligako ia beste talde guztiei bezala, izugarri kostatzen zaiola golak egitea.
Gauzak horrela, markagailu estuen auzoan hartu du ostatu, bertan goxo dagoela sinetsita edo. Eta paradoxikoa bada ere, aurkariak, zeinari Realari gertatu bezala izugarri kostatzen zaion gola egitea, badaki nahikoa zaiola partidaren hondarretara bizirik iristea emaitza on bat eskuratzeko. Reala atea sekula ixten ez duen bizilagun horietakoa da.
Eta hau, ene lagunok,egiaztapen bat ezen ez kexa bat.
Azken batean, horixe izan da Reala historikoki. Aurtengoa da normaltasuna, eta urrun daude auzo aberatsetako alokairuak ordaintzeko adina diru genueneko garaiak.
Historikoki Realak turist class-ean egin izan ditu bidaiak, eta Business class-ean bidaiatzeko aukera izan duen guztietan, beti etorri izan da azafata lirainen bat hura ez zela txuri-urdinen tokia gaztigatzera.
–Eta zure tokira itzuli baino lehen, utzi Griezmann eta Illarramendi horiek hemen, gureak dira eta.
Gaur, ostirala, Almeria bisitatuko dugu. Zorte apur batez gola bat sartuko dugu eta banakoa poltsikoan itzuliko dira gure mutilak. Zorte handiz, huts eta batekoa. Eta zorterik ezean, bat eta hutsekoa. Edonola ere, turist class gogaikarrian egingo dugu etxerako bidea. Eta zerua zeharkatzean, marmarka, gure zortea madarikatuko dugu eta pentsatuko dugu gustura asko utziko genukeela markagailu estuen auzoa eta gustura joango ginatekeela auzo txukunago batera bizitzera.
Alabaina, ez dago modurik.
Ez aurten, behinik behin.
Agian datorren urtean, baina auskalo!
Eta hau, ene lagunok, gaurko hirugarren egiaztapena da ezen ez hirugarren kexa.