Txillardegiren iritzi artikulua: ‘Turistak liluraturik’.
Lehengoan, Plaza Berrian nengoelarik, (espainieraz Plaza de la Constitucion deritzoten plazan, alegia) frantses turista mordo batekin egin dut topo, balkoietara begira.
-Est-ce que vous parlez parlez français?
-Oui –nik erantzun.
-Parfait! C’est quoi ces chiffres qu’on voit sur les balcons?
Somatua neukan galdera.
Azaldu egin diet XIX. mendean zezenketak ospatzen zirela han, eta balkoi horiek, udalaren eskabidez, alogeratu egiten zirela korridak ikusteko.
-Voilà!–esan du taldeko zaharrak; zerua ireki eta Ama Birjina bera agertu balitzaio bezala–.
Merci bien, monsieur.
Eta oso pozik urrundu dira nigandik balkoietara begira.
“Constitucion” izendapenaz ez didate ezer galdetu, edo Iñaki de Juanaren inguruko pankarta ugariez.
Donostia homologatuta ikusi dute. Espainian ziren, bai.
Eta noski, español guztiek, donostiarrak barne, korridak erruz maite dituztelako, Donostiako Plaza Berriak sendotu egin zituen beren iritzian.
-On est bien en Espagne –pentsatu dukete.
Eta Parte Zaharrean zeudenez, ziur naiz
banderilla batzuk jatera abiatu dirateke. Zezenari iltzatzen zaizkien tortura-tresna higuingarriekin duten antzekotasunaz loriaturik.
Baina ni neure temetara itzuli naiz.
1897ko apirilaren 13an erabaki baitzuen Donostiako Udalak antzinako izendapena berreskuratu, eta Plaza Berria deitzea. Zeren zai dago udala orain dela 109 urte hartutako erabakia betetzeko?
Bestetan ere esan izan dudanez, horren errespetagarria al da Hego Euskalerria “gainerako probintziekiko berdintasunean” jarri zuen konstituzio hura? 1812koa gogoratzen baita.
Galdera hau turista haiek ez, baina neuk egiten dut lau haizeetara.
Txillardegi (Irutxuloko Hitzan argitaratua, 2006ko abenduaren 30ean)