Turistifikazioa eta ongizatea
Donostia hiri ederra eta oso polita da, lehen hala zen eta orain ere horrela da. Hori jende guztiak onartzen duen zerbait da. Bizitzeko leku aparta da eta bertan bizi garenok estimatzen dugu. Hala ere, une honetan zenbait kalte ari da jasaten. Kalte horien artean turistifikazioa litzateke larriena. Izan ere, handiak dira dakartzan kalteak, batez ere bertan bizi garenontzako, alegia, bertan bizi nahi duen jende arruntarentzako. Gainera, turistifikazio honek dakartzan kalteak ez dire errazak konpontzeko.
Turistifikazioa zer den definitu beharko bagenu, esango genuke turismoaren hazkunde mugagabea dela eta hiriko bizimoduan ondorio larriak eragiten dituena, izan ere, bertan bizi nahi duen jendea, etxebizitzen garestitzea dela eta, hiritik alde egin beharrean aurkitzen da. Batez ere, emantzipatu nahi badu. Desberdintasun sozialak areagotzen ari dira eta langile familia batek gero eta aukera gutxiago ditu hirian bizitzeko, beraz, inguruko herri eta auzoetara joan behar du bere bizi proiektua egin ahal izateko.
Donostian bazterketa ekonomikoa dagoela nabaria da. Turista asko dabilen tokietan, esate baterako Parte Zaharrean, bertako bizitza aldatzen ari da, dendak eta tabernak aldatzen dira, merkataritza ez dago auzoan bizi direnentzako pentsatuta, turistentzako baizik. Horren ondorioz, auzo estrainio batean bizi zarela iruditzen zaizu. Taberna edo denda batera sartu eta, sarritan, ez zaituzte zure hizkuntzan artatzen. Prezioak, berriz, bikoiztu edo hirukoiztuta dituzte. Kalean, berriz, auzokideekin ordez kanpoko jendearekin egiten duzu topo.
«Turistifikazioak inongo mugarik gabe segitzen badu, inongo eskrupulurik gabeko diruzaleen eskutan segitzen badu, egoera soziala gero eta okerragoa izango da»
Turistifikazioak inongo mugarik gabe segitzen badu, inongo eskrupulurik gabeko diruzaleen eskutan segitzen badu, egoera soziala gero eta okerragoa izango da. Eta hori ez badugu nahi bi irtenbide daude: bata turistifikazio basati horren aurka antolatu eta borroka egin, bizi kalitatea hobetzearen alde. Eta bigarrena, agintariak, turistifikazio honen kalteak zein diren ikusita, neurriak hartzera behartu. Agintariek hiritarrentzako bizitza hobea bermatu dezatela eta turismoaren inguruan eztabaida, eredu ekonomiko eta sozialago baten alde egin dezatela. Azken finean, turistifikazioaren aurka egitea bizi kalitatearen alde egitea baita.
Turistifikazioarekin arazoak dituzten hiri eta gune edo eskualdeak ari dira antolatzen arazo honekin amaitzeko (Bartzelona, Lisboa, Napoli, Kanariak, Venezia…). Desazkundea deitzen duguna hortik doa. Turismoaren hazkunde mugagabeak baliabide komunak pribatizatzen ditu: itsasoa, hiri espazioa, kulturaren ordezkapena, desplazamendu soziala…Turismoaren etekinak bakar batzuen eskuetara joaten dira, nagusiki. Eta sistema kapitalistaren barruan guztia bihur daiteke merkantzia, batzuek etekina lortzeko.