Txillida bidea
Egia da, gaur egun ez dago Txillida Lekura oinez edo bizikletaz iristeko modurik. Hala ere, bidegorri hau estrategikoa bada, Urumea eta Oria bailara lotuko dituelako da.
Datorren urtean Eduardo Txillida jaio zeneko mendeurrena izango dela eta, hainbat ekimen martxan jarri dira eta horietako bat da Txillida Bidea, Haizearen Orrazitik Txillida Lekura oinez eta bizikletaz joatea ahalbidetu nahi duena. Proiektu horren berri eman zuen lehengoan Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustik.
Egia esan, Txillida Bidea dagoeneko existitzen da, salbu eta azken-azken zatian. Izan ere, gaur-gaurkoz, Txillida Lekura ezin da iritsi ez oinez ez txirrindaz. Arazo hori saihesteko, udalak Defentsa Ministerioarekin Lore Tokiko zalditegi militarrean barrena pasatzeko baimena negoziatu nahi duela iragarri du Insaustik. Berez, hori da Txillida Bidea proiektuak dakarren berrikuntza bakarra, gainerakoa, esan bezala, dagoeneko eraikita dagoelako. Eta berrikuntza hori, esplizituki aitortzen ez bada ere, Errekalde-Galarreta bidegorri proiektuak pilatutako atzerapenaren ondorio da. Izan ere, bidegorri hori da Txillida Lekuko irisgarritasun arazoak modu estrukturalean konpondu behar dituena. Ikusiko dugunez, oso-oso atzeratuta dator, ordea.
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, badira dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten hainbat bidegorri. Horietako bat da Errekalde eta Galarreta bitartekoa, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar lukeena. Are gehiago, bidegorri proiektu batzuei buruz, tarteka, albisteak argitaratu izan dira urteotan zehar, baina honi buruz ez. Izan ere, bazirudien Errekalde-Galarreta bidegorria Rafaela Romerok zuzendutako Mugikortasun Sailak berak zeharo ahazturik zuela, harik eta, guretzat behintzat ustekabean, orain dela pare bat urte lehen lerrora pasatu zen arte, antza denez, Markel Olano diputatu nagusiaren eta Txillida Lekuko zuzendari Mireia Massagueren arteko elkarrizketa baten ondorioz. 2021eko urtarrilaren 24an Massaguek berak zera esan zuen El Diario Vasco-n argitaratutako elkarrizketa batean: «Komunikazio errazagorik ez izatea da museoa publikoarengandik urruntzen duen oztopo nagusia. Hona bizikletaz etortzea suizidio bat da, ezin dira kamioi gehiago igaro errepide honetatik. Publikoarekin konektatzeko oztopo nagusia Txillida Lekuren irisgarritasuna da».
Hernaniko bidea, Errekaldetik ikusita. Ezker aldean ikusten den eremua Lore Toki da. Handik egun batzuetara, zehatz-mehatz urtarrilaren 30ean, El Diario Vasco-n bertan honako hau irakurri genuen (*): «Bidegorria Txillida Lekuraino helduko da datorren urtean» (2022an, alegia). Eta, honako hauek ere bai: «Proiektuak Errekalde eta Galarreta artean dauden 1,2 kilometroak lotuko ditu eta 1,7 milioi euro inguruko aurrekontua izango du» eta «ibilbide horretan bidegorria bi urteko epean eraikiko da, baina saileko teknikariek uste dute 2022rako prest egongo dela museora iristen den zatia».
Bada, 2022a atzean geratu zen, 2023an dagoeneko bete-betean gaude, legegintzaldia ere bukatu da eta Errekalde-Galarreta bidegorriaren arrastorik ez dago. Kontuan izan bidegorri hori garrantzitsua dela (garrantzitsua izan beharko lukeela, behintzat) ez soilik Txillida Lekuri zerbitzua emango diolako, jakina, baizik eta Urumea bailarako eta, oro har, Gipuzkoako ekialdeko bidegorriak eta Oria bailarako zein kostaldeko bidegorriak lotzen ahalbidetuko duelako.
Nolanahi ere, arestian esan bezala, Gipuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Errekalde-Galarreta atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Oraindik egin gabeko edo osatu gabeko bidegorrien zerrenda luze baino luzeagoa da… Errenteria-Irun, Lezo-Pasai Donibane, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola…
Hona hemen datu ofizial ezin adierazgarriago bat: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, %33,8.