'Txutxo'
Irutxuloko Hitzan idazten hasi nintzenean neure buruari galdetzen nion ea inork irakurriko ote zuen idazten nuena. Hura sorpresa auzoko lagun batek erakutsi zidanean nire zutabe bat, eskuz idatzia eta gaztelaniara itzulia. Jesusek, Txutxo lagunentzat, zer idatzi nuen jakin nahi izan zuen, eta inguruko bati eskatu zion nik idatzitakoa itzultzeko.
Lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke pertsona horri barkamena eskatzeko. Handik gutxira jubilatu zen Txutxo, eta euskara ikasten hasi zen AEKn. Lehen zutabe hura itzuli zuenari eta bioi ilusio handia egin zigun Txutxok pauso hori eman izana. Horregatik gaurko zutabea berari eskaini nahi diot; berari eta berak bezala, euskara ikasteko hautua egin duten horiei guztiei. Hori bai, ez dut nahi artikulu hau ulertzeko zailegia izatea; horregatik hemendik aurrera B2 mailan idatziko dut.
Txutxo loiolatar peto-petoa da. Goizero Iruña tabernako terrazan jartzen du bere ofizina. Hiru egunkari irakurtzen ditu egunero. Politikari buruz hitz egiten baduzu haserretuko da «Ahal dugu»-la esaten badiozu, ordea, pozik jarriko da harengana «bildu» ezkero. Batzuetan Txutxok hitz zatar asko esten ditu, baina badaki ere «maite zaitut» esaten oso era desberdinetan; adibidez, kafea hartzen ari zarenean croissant bat utziz zure ondoan. Txutxok jubilatu ondoren eman du izena euskaltegian. Berak egin du bere partea, orain guri dagokigu gurea egitea, eta bere lagunak izateaz gain bere mintzalagunak izatea.