Uda beroa dator hezkuntzan
Uda iristearekin batera, irakasleok oporrak hartu ohi ditugu. Hitza-ko zutabe honetatik ere oporrak hartuko ditu Martinek. Merezitakoak ala ez irakurle fin zaren horrek esango duzu.
Baina nolakoa izan da ikasturtea? Niri, pertsonalki, inoizko gogorrenetakoa iruditu zait. Pandemiaren nekeak, maskarak, ikasleen nekeak, lege berriak, ikasturte hasierako esleipen prozesu berria, Iceta legea, oposizioak… Pandoraren kutxa ireki eta denak askatu, ala kutxa horren barruan ote nagoen ez dakit oso ondo.
Gai horiek guztiak horren lerro gutxian azaldu ezin ditudanez, ordezkooi egunotan suertatzen zaigun ikasturte hasierako esleipen prozesuaz bi gauza kontatuko dizkizuet. Baina lehenbizi, azaldu diezazuedan, motzean, zertan datzan ditxosozko prozesu hau.
Demagun eskola (publiko) batean 100 irakasle behar direla ikasgai guztiak aurrera ateratzeko, ba, gaur egun funtzionarioak diren 55 bat irakasle leudeke eta beste 45ak ordezkoak. Azken hauek lehiaketa prozesu baten bidez lortuko dute lanpostua betetzea. Horretarako IKHA prozesua zabaltzen da. Orain arte abuztuan egiten zena, eta aurten ekaineko azken egunetara aurreratu dutena. Lehia hori, nagusiki, hezkuntza publikoan lanean diharduten antzinatasunaz lortutako puntuez sortutako zerrenda bidez ematen da, nahiz eta puntuak lortzeko beste bide batzuk ere badauden: formakuntza, ikastoletan (pribatuetan) egindako lana, eta abar.
Hasieran eman dudan datua (borobilduta dago lanak errazte aldera) kezkagarria da. Izan ere, plantillaren erdia egonkorra da, eta beste erdia urtez urte handik honera dabil. Esan daiteke ikastetxe publiko baten langileria likidoa dela, eta oso aldakorra. Honek ez die ikasleei bat ere mesederik egiten, izan ere erreferentziazko irakasle bat eduki eta hurrengo ikasturtean egongo ez dena izan baitaiteke. Honekin lotuta, azken urteotako irakasleon borroketako bat zentroetako egonkortasun erreala lortzea izan da. Honen ondorioz, aurreko urtean Lehen Hezkuntzan eta aurten Bigarrengoan, egonkortze fase bat ireki da. Eta puntu honetan sortu da eztabaida handia.
Nola lortu nahi du Hezkuntza Sailak ustezko egonkortze hau? Ba, horretarako aurreko ikasturtean egondako irakasleei, zentro berean egonkortzeko aukera emanez. Horretarako baldintza batzuk eman behar direlarik: eskolan esleituko diren plazak hizkuntz eskakizun, jardunaldi mota, eta ikasgai berbera izatea.
Orain artekoa irakurri baduzu, pentsatuko duzu behingoz Eusko Jaurlaritzak taxuzko zerbait egin duela. Baina… hara! Ordezko irakasleak kexu dira! Zergatik ba? Eta ondorengo lerroetan dator nire lankideek niri egurra emateko moduko esaldia: irakasleak, eta salbuespenak salbuespen, bere zilborrari begiratzen dio. Azaldu dezadan adierazi dudana.
Demagun A eskolan aurtengo ikasturtean bost punturekin lortu duzula plaza matematiketan, eta datorrenean maten plaza bat aterako dela. Plaza hori zurea da egonkortze fasearen ondorioz. Baina demagun beste eskola B batean, matematiketan aurten bi ordezko egon direla 80 eta 60 punturekin, baina datorren ikasturtean horietako plaza bakarra aterako dela. Alegia, 60 puntu dituen horrek ez du B eskolan plaza lortuko, eta ezta A eskolan ere, nahiz eta 55 puntu gehiago izan. Honek, urteak lanean daramatzan jendea asaldatu du.
Orduan, zergatik esan duzu zilborrarena? Ba, iruditzen zaidalako norbanakoaren kaltea ikasleen kaltearen azpitik dagoela, eta, bide batez, aspaldian zilborrari begirako diskurtso dezente irakurri eta adituta nagoela. Min ematen dit ikaslearen beharrak bigarren plano batean daudela, eta bereziki sentitzen ditugula ikusteak. Lotsa ematen dit ordezkoen taldeetan irakurri ohi ditudan hainbat eta hainbat pretentsio eta handinahi (talde horietan dagoen euskara mailarekin ez naiz hasiko, bost zutabe beharko nituzke eta). Ahaztu al zaigu gure lehen funtzioa ikasleari arreta onena ematea dela? Ahaztu al zaigu gure ongizatearen gainetik dagoela gure ikasleena? Zeinentzat egiten dugu lan? Baina bereziki, zertarako?