Udaberriko lorea
Euri langarra izan dugu aste honetan. Patxadaz jausten diren euri tanta horietakoak. Presarik ez balute bezala, motel. Ia-ia begiradarekin jarraitu daiteke tanta bakoitzaren bidea. Gure etxeen teilatuak bustiko dituzte, lorategiak, ezinbestean ireki beharreko aterkiak, mingaina kanpoan duela ura bildu nahi duen haurraren ahoa. Ez dituzte estaliko moztu berri dituzten zuhaitzen hostoak, orbelik gabeko porlanezko zoruak, ez eta txio-txioka arituko liratekeen txoriak.
Azken euriteek berdetu dizkiguten larreez idatz nezake, udaberriko lore eta usain freskoez, gaur arte galdutako aukerez, bai eta hartu dugun olatu handienaren txanpaz ere. Baina ez, gaurkoan, bereizten eta elkartzen gaituzten horiek ditut buruan. Elkargune eta bidegurutzeak. Marra gorriak eta argi berdeak. Etengabe ilun eta heze dagoen aldea, eta kontrara, lurra epel eta lehor duena. Biok gorroto zein maite duguna. Berde argia nagusi den inguru hori, pixkanaka jendearen buru eta bihotzak goxatu dituen olatua.
Donostia berri bat nahi badugu, jarraitu beharko dugu landare eta erleak zaintzen, belarra tarteka mozten, eta noizean behin, inola ere ahaztu gabe, denon bihotzak ureztatzen
Azken hauteskundeetako mapak igerileku bakarra utzi du hirian, zinez sakona baina isolatua. Gainerakoan, belar fresko koloreak hartu du indarra eta zabalduz doa. Udaberriko goiz hotzetan loratzen hasten diren landareak bezala. Haiek dakarten ilusio zipriztinek irauten dute denboran, baldin eta lorez lore dabilen erleak ongi aukeratzen badu hegaka egin nahi duen bidea.
Ez dakigu ereindako haziak fruituak noiz emango dituen, baina Donostia berri bat nahi badugu, jarraitu beharko dugu landare eta erleak zaintzen, belarra tarteka mozten, eta noizean behin, inola ere ahaztu gabe, denon bihotzak ureztatzen.
Soziologia gradua eginda, aintzat hartzen da jendarteko prozesuen gainean hausnartzeko tresna nahikoa eskuratzen direla, betaurreko batzuk ala beste jantzi, momentu bat gurutzatzen duten aldagaiak kontuan izan eta ponposoa den diskurtsoa bota. Testu honek gehiago du poesiatik, analisi soziologikotik baino. Baina tira, irakurle hori, ilunabarrari begira solasean jarraitu nahi baduzu, ezagutzen dut leku (ez oso) sekretu bat. Tori koordenatuak eta itxaroidazu han: 43.30917-1.95980.