Udako soinu banda
Uda garaia. Itsasertzeko olatuen eztanda, bentiladorearen palen mugimendua, urrunean jolasean ari diren umeen oihuak, siesta luzeetako zurrungak, siestei laguntzen dieten txirrindularitza-esatarien jarioa, sargori dagoeneko txirriten kantua, arratsetako jazz doinuak, galerna egunetako haize-ufadak, ziztatzera doan eltxoaren xuxurla, bat-batean dena beltz jartzen duten trumoi-hotsak.
Hori izan liteke uda baten soinu banda tipikoa. Hori eta udako santu guztiei laguntzen dieten auzo, herri eta hirien festetako pregoiak, txupinazoak, dianak, bermutak, bazkalosteak, poteoak, kalejirak eta gaueko irteerak. Edo izan litezke, beharbada, zortziko, martxa, pasodoble, rock, reggae, kunbia, rantxera edo fandango eta arin-arinak. Kontuan hartzekoak dira, baita ere, ia urtarrilaren 20koa baino ohikoago bihurtu diren udako danbor-hotsak eta haiei laguntzen dieten doinuak. Edo entzun genezake urrunean tronpeten dei ezagun bat, senti genezake oraindik apenas entzuten dugun melodiaren bonbo ala txindata hotsa, imajina dezakegu bonbardinoaren kontrakantu jakin batekin oraindik entzun ezin dugun abestia ala makurtzen gara kaxaren erredobleak entzutean. Badira, ere bai, txaloak, txistuak, oihuak, barreak, kriskitinak.
Hori dena da galtza zuriko hamaika lagunek sortzen dutena. Musikari nomadak, ibiltariak, herri bakoitzaren behar eta ohiturei moldatzen zaizkienak. Iritsi eta jotzeko nork bere instrumentua beste beharrik ez dutenak. Hori da txaranga, udako soinu-banda.
2020an Tolosako habanerak izan ziren azkenak, eta, bi urteren ondoren, berriz ere, inauteri doinuekin ekin diogu festari. Orain mugak, debekuak eta arauak altxa dituztela, urrun geratzen ziren baina beti gogoan genituen uda haiek bueltan datoz. Eta haiei eskutik helduta etxafuegoen lehertzea, su artifizialen eztanda, buruhandien maskurien kolpeak, dultzainak afinazioarekin borrokan, bafleak gor utzi behar zaituztela, zezensuzkoa txinpartak dariola eta era guztietako zarata, soinu eta musika, batez ere musika. Eta han izango gara gu ere, kalean gora, behera-behera, txis-pun, makurtu ala ez, edozein herriko plazetan.