Udalaren mantenu falta Ulia auzoan
Donostiako Udalari geure kezka helarazi diogu auzoaren mantenu faltari buruz, behin baino gehiagotan Herritarren Postontziaren bidez.
Ikusgai jarri dugun argazki bildumak udalak Ulian egiten duen mantentze lanen eskasia erakusten du, eta kasu gehienetan utzikeriak urteak irauten ditu. Ziur aski, bai Ulian baita beste auzoetan ere gabezia gehiago aipa litezke, Kontxa inguruan inolaz ere onartuko ez liratekeenak, ez urteetan, ezta egun gutxitan ere.
Utzita dagoen lekuetako bat Ategorrietako frontoia da. Urtean zehar, inguruak nahiko utzita egoten dira, garbiketa eta mantentze lan gutxi egiten baitira. Udazkenean kantxa eta inguruak hostoz beteta egoten direnez, pilotariok garbiketa lanetan ibiltzen gara jokatu ahal izateko, eta pilota kantxatik ateratzen denean, hostoen artean ibiltzen gara pilotaren bila, lastategian orratzaren bila bezala. Iturria eta bankuak inguratzen dituzten sastrakek metroko altuera izaten dute.
«Ziur aski, bai Ulian baita beste auzoetan ere gabezia gehiago aipa litezke, Kontxa inguruan inolaz ere onartuko ez liratekeenak»
Ulia pasealekuan zenbait lur jausi izan ziren 2024ko euri jasen ondorioz, eta ordutik errepidearen erdian horma bat jarri zen Mirador de Ulia jatetxetik gertu, norabide bakoitzean semaforo bana duena. Laster beteko da urtebetetzea! Udalari zorionik edo zoritxarrik eskaini behar al zaio?
Duela urte batzuk, Uliako aterpetxeko bide seinaleari buruzko eskaera bat bidali nuen udaletxeko Herritarren Postontzira. Kartela gaztelania hutsean dago eta honakoa dio: Albergue, 200m, errepidearen goranzko noranzkoan. Informazioa, ordea, okerra eta kaltegarria da, batez ere kanpotik datozen erromesentzat. Izan ere, errepidean gora jarraituz gero, ia kilometro bateko distantzia dago. Eta bide seinaletik beheraxeago, 50 metrotan, aterpera zuzenean igotzen den bidexka bat dago, 100 metroko aldapan, hain zuzen. Zendutako Larretxea udal aterpetxeko langileak erantzun zidan esanez parte eman ziola udalari. Urte batzuk igaro arren, kartel dontsu honek zutik dirau.