Udaltzaingoaren estatistikek ezkutatzen dutena
Badira erabaki politikoak isilean hartzen direnak, eta badira zarata handiz iragartzen direnak. Donostiako Udalak delituen jatorria publikoki zabaltzeko hartu duen erabakia bigarren multzokoa da: gardentasunaren izenean aurkeztua, objektibotasunaren mozorropean, baina helburu argi batekin. Ez da segurtasuna bermatzea. Pobrezia seinalatzea da.
Azken urteotan, segurtasun-diskurtsoa bihurtu da instituzioen hizkuntza nagusietako bat. Hitz neutroak darabiltza: datuak, estatistikak, txostenak. Baina hitz horien azpian norabide politiko bat dago. Ertzaintzak eta Polizia Munizipalak zabaltzen dituzten zifrek delitugileen jatorria azpimarratzen dute, eta horretarako kategoria geografiko lauso eta arbitrarioak erabiltzen dira: Magreb, Latinoamerika, Afrika subsahararra. Ez da azalpen bat; eraikuntza bat da. Subjektu arriskutsuaren irudia, instituzioetatik bertatik sortua.
Hor dago tranpa. Delituen kausak ez dira mahai gainean jartzen. Ez da etxebizitzaren krisiaz hitz egiten, ez lan-prekaritateaz, ez paperik gabeko milaka pertsonen egoera administratiboaz. Ez da aipatzen kale-bizitza kriminalizatzen duten legeek nola bultzatzen duten jendea etengabeko kontrol polizialera. Horren ordez, jatorria jartzen da fokuan. Kolorea. Izena. Azentua.
Hor dago tranpa. Ez da aipatzen kale-bizitza kriminalizatzen duten legeek nola bultzatzen duten jendea etengabeko kontrol polizialera. Horren ordez, jatorria jartzen da fokuan. Kolorea. Izena. Azentua.
2025a amaitu aurretik zabaldutako datuen arabera, delituen %60 atzerritarrei egotzi zitzaien. Zifra hori hedabideetan zabaldu zen, testuingururik gabe, azalpenik gabe. Zenbakiek beren kabuz hitz egingo balute bezala. Baina estatistikek ez dute kontatzen nola lortzen diren: zenbat identifikazio egin diren kalean bizi diren pertsonen artean; zenbat atxiloketa prebentibo izan diren; zenbat aldiz bihurtu den pobrezia susmo penal.
Ez da hutsegite bat. Estrategia da. Profil migratua gainordezaktua dago datuetan, ez delitu gehiago egiten dituelako, baizik eta zapalkuntza-baldintza gogorrenetan bizitzera kondenatua dagoelako. Gizarte kapitalistak soberakin bihurtzen dituen gorputzak dira: lan-merkatuan tokirik ez dutenak, etxebizitzatik kanporatuak, babes-sare instituzionalik gabe bizi direnak. Eta soberakin horiek ez dira babesten; kontrolatu egiten dira.
Horrela, segurtasunaren izenean, polizia gehiago eskatzen da. Baliabide errepresibo gehiago. Kaleak “garbitzeko” diskurtsoa normalizatzen da, pobrezia bera arazo kriminal bihurtuta. Ez da kasualitatea ezker instituzionalak ere marko hori onartu izana, neurriaren aurkako kritika moral huts batera mugatuz.
Baina ez gaude segurtasun-politika baten aurrean. Gerra sozial baten aurrean gaude. Pobrezia eta migrazioa etsai bihurtzen dituen gerra baten aurrean. Eta gerra horretan, pobrezia dugu etsai komunistok, ez pobrea.


