Udan ere, lan baldintzak borrokatu!
Berriro iritsi da udara. Ostalaritzan noizbait lan egin duen nork ez ditu ordaindu gabeko ordu estrak egin, ordua apenas 6 euro miserableren truke lan egin ondoren? Zenbatek egiten dute beltzean lana inolako segurtasunik gabe? Zenbat dira egunean gaizki ordaindutako bizpahiru orduren truke haien udara erabat baldintzatuta ikusten duten gazteak? Zenbat gazte dira mugikorrari itsatsita bizi direnak egun batetik bestera ETT enpresa baten deiaren esperoan?
Gutxi batzuen poltsikoak denen pobreziaz betetzen dira. Are nabarmenagoa da hau hiri honetan, turismoak esplotazio honetarako agertoki ezin hobea utzi duen hirian. Udala oporretan da urte osoan zehar, eta agian kezkatuago dabiltza udaletxea bera turismo bulego berria bihurtzeko lanekin. Ezin liteke metafora hoberik aurkitu hemen nork agintzen duen adierazteko.
Burgesiak langileok esplotatzeko duen goseari aurre egiteko ezin dugu horien babeserako legeak egiten dituzten instituzioetan fedea jarri. Gure kabuz nagusien aurka antolatzea da irtenbide bakarra. Uda honetan ere, aipatutako miseriari aurre egiteko, antolakuntzaren aldeko aldarria azaleratu, lanean dabiltzan gazteak errespetatu, eta injustizia oro salatzea da egin behar dena. Are gehiago Jazzaldiaren, estropaden edo Aste Nagusiaren moduko ekitaldi handietan.
Udan ere, lan baldintzak borrokatu.