Udara edulkoratzaile bikaina da
Traganarruekin batera udak ekarri ohi du halako nostalgia sentimendu bat. Here Comes Your Man kantaren doinua du eta haurtzarora garamatza. Beroak sukarra igotzeaz gain, eraman ohi du bat errealitatea distortsionatzera.
Maiz aditu dut uda eternoaren amaiera dela gaztetasunetik heldutasunerako jauzietako bat. Umetako udan eternitatea atzetik, eternitatea aurretik, eta erdian zu, lagunekin. Gaztaroan, askorentzat, udako lantxoen sasoia da. Sos batzuk ateratzeko diren horietakoak, tabernan, Ondarretan toldozain edo piraguen alokairuan. Heldutan, teorian, zortzi orduko lanaldi erregularrak beharko luke, eta udak laburtu aste solteetara.
Inozente samarra «udako lantxoen» «-txo» hori. Ez dakit zergatik lotzen diren oraindik gaztaroarekin. Belen Gopegik badu liburu bat, Existituko bagina, itsasoa. Tarte batez obsesionatu gintuen lagunak. 40 urteren bueltan dabiltzan pisukideen kontakizuna da. Prekarietatea pisukide bat gehiago da. Zeharo konplize sentitu genituen denak. Gazte ziurgabeari egiten zaizkion promesak hautsi zizkigun, baina modu ederrean.
Ez da aldi baterako industria udan aktibatzen dena, ezta aldi baterakoak bertako lan baldintzak ere. Sos batzuk ateratzeko baino, sos batzuekin bizirauteko dira. Gaztaroarekin, udarekin lotzeak sortzen du kontingentzia inpresioa, zerbait hobea etorriko dela laster. Baina, egon lasai, gazteak horiek hartu nahi ez baditu, arduratuko da sistema horiek hartzera bultzatzeko bizi baldintzak eragiteaz.
Marxen gogoetetan, bada noizean behin burura datorkidan kontzeptu bat: metaketa primitiboa. Auzia izugarri sinplifikatuz, herria ekoizpen baliabideetatik bereizteko uneari egiten dio erreferentzia. Bizirauteko baliabideak desjabetu, eta herria saldu beharko duen lan indarra besterik ez duela uztean datza. Kontzeptu horren harira, burura etorri ohi zait ere bitxikeria historiko bat. Deigarria da Marxek horren harira aipatu zituela arlotea, alferra, oro har, lanik egiten ez zuena zigortzeko legeak. Adibidez, 1530eko Ingalaterran, Enrique VIII.ak sasoian zeuden langabetuak kartzelaratzeko agindu zuen. Kapitalak ez dio aise uko egiten lan indarrari, horretara behartzeko bizi baldintzak sortuko ditu. Lanik ez duena lanera behartu, edozein preziotan. Senra taberna datorkit burura orain.
Donostian ez dugu Enrique VIII.aren dekreturik. Ostera, ostalaritza eta turismoa hiriaren pizgarri izatearekin lotzen dituzten mezuak ditugu, bereziki, udaran: «Injekzio ekonomikoa» eta kontu horiek. Adibidez, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko buruaren eskutik: «Aberastasuna eta lanpostuak sortzeko gaitasuna», «ostalaritza ixtean, hiria triste gelditzen da», «gizarte eta ekonomiari sekulako onurak ekartzen dizkion sektore ekonomiko eta kulturala». Bonus track: azken hori ostalaritza eta zezenketen konboaren harira esana.
Eguzkiari zuzenean begiratzeak begi ninia mintzen du. Posible da, ordea, industria horri gertuagotik so egitea. Ez da zaila hariak lotzea, hiruzpalau familien esku baitago gure hiria. Ariketa arintzeko, zergatik ez urkatura jolastu. Tira, emango dizkizut pistak eta bota zuk hizkiak:
Tenis, Bataplan, Alde Zaharra, pizzeria
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _
…
Udak dena edulkoratzen du. Ostalaritza, lan baldintzak eta, zergatik ez, hauteskunde kanpaina ere. Intsolaziotik babesteko, edan ura eta bilatu itzala. Diabetes arraro honen aurrean, irakurri Gopegi, edo Marx, edo nik zer dakit. Eta, eternitatearen erdian egongo ez bazara ere, bilatu lagunak.