Ukatutako duintasuna errespetatu
Ijentea kalean jarritako Dual eskultura 2014ko maiatzaren 31n inauguratu zen, 36ko estatu kolpean eta ondorengo gerran frankistek exekutatutako 400 donostiarren omenez. Ekitaldi hunkigarria izan zen, xumea, baina esanahiz betea. Bertan izan ziren senideak eta oraindik ezkutatu nahi den historiaren zati hori berreskuratzeko lanean ari diren hainbat elkarte, proiektu hori errealitate izan zedin lanean aritu zirenak.
Herri-ekimen batetik sortu zen, eta errespetu, sentsibilitate eta fintasun osoz lan egin genuen. Garai hartan alkate nintzen aldetik, ondo gogoratzen ditut lagundu zuten pertsona bakoitzaren ekarpenak, ideiak eta proposamenak, baita malkoak eta irribarreak ere. Ez ditut ahazten urrats hori bihotz-bihotzez eskertzera hurbildu ziren familien hitzak, ezta Udaletik eta elkarteetatik gogotik lan egin zutenenak ere.
Ez zen bat-bateko ekimena izan, hilabeteetako lan nekaezinez eta ilusioz landutakoa baizik. Denbora behar izan genuen exekutatutako pertsonak identifikatzeko, senide zuzenak bilatu eta aurkitzeko. Hitz egin genuen, eztabaidatu, proiektua adostu, jatorrizko ideiak zituen akatsak zuzenduz (adibidez, exekutatuei buruz hitz egitea, eta ez fusilatuei buruz, ‘garrote vil’ bidez erail zituztenak baitzeuden).
Eta alderdi politiko guztiek aho batez onartzea lortu genuen. Eskerrak eman zizkiguten harremanetan jarri ginen senideek eta han bildutakoek, lehen aldiz entzun eta errekonozitu zirelako. Hainbat hamarkadatan gordetako mina azaleratu zen egun hartan. Familia horietako askori erreferentziazko leku bat eskaini genien, pertsona horiek gogoratzeko hilobien
faltan.
Bisitatzen gaituztenei gure historiaren zati hau ere ezagutarazi nahi izan genien, postal eta kontakizun idilikoetan agertzen ez dena. Hau ere Donostia izan zelako eta delako. Inaugurazioa gure hiriaren memoria historikoarekin lotuta egindako hainbat eta hainbat ekimenen artean beste bat izan zen. Horien guztien helburua milaka pertsonei eta haien senideei urteetan kendutako duintasuna, neurri batean, itzultzea zen. Hamarkadetan jasan zuten ezkutatze, ahanztura eta mespretxu hori konpontzea. Presoak, errepresaliatutako udal-langileak, suntsitutako ondarea, gertaera garrantzitsuak… protagonista egin genituen hainbat ekimenen bidez: plaka, monumentu, liburu, omenaldi, bidegabeko zigorrak itzultzeko ekitaldi ofizialak…
Gaur egun, zenbaitek eskulturaren esanahia desitxuratu nahi dute interpretazio maltzurrekin eta frankismoaren biktimak eta haien senideak berriro zigortzen dituzten proposamenekin. PPk ekimen bat eraman du Donostiako Udaleko Giza Eskubideen batzordera, aurtengo uztailean hogei bat pertsonak alkateari egindako eskaera pertsonal batekin bat eginez.
Ezin dugu onartu adostasunetik eta helburu argi batekin sortu zen espazio hori auzi eta polemika gai bihurtzea. Errespetu eta lotsagabea iruditzen zait, eta, jakina, erabat onartezina. Proposamen probokatzaile horiei irmo erantzutea dagokigu, frankismoak bidegabeki exekutatu zituen donostiarren defentsan. Zor historikoa dugu gutxietsi eta baztertu diren horiekin guztiekin eta haien familiekin.
Espero dut zentzugabekeria hori ezerezean geratuko dela, eta Udalak jakingo duela horri behar bezalako irmotasunez erantzuten.