Ulia mendia zaindu dezagun!
Umeen, helduen eta sendien gozamenerako inguru zoragarria da Ulia. Aukera ematen du ibiltzen hasi eta berehala baso-basoan zaudela sentitzeko. Aspalditik gozatu izan dut bere bidezidor, baso eta zelaiez. Halako batean, gauzak aldatzen hasi ziren, baita urteetako sentsazioak ere. Abiapuntua, COVID-19aren garaian alkatea zenak gonbidatu zituenean mendi bizikleta zaleak Uliatik ibiltzera, inolako muga edo araurik ipini gabe. Ordutik hona, alde batetik, oinezkoen erosotasuna galtzen joan zen, arrisku egoerak sortuz, baina bestetik, eta oso larria eta mingarria dena, bidezidor, pista eta zelaietan oso azkar ematen ari den higadura eta endekatze prozesua hasi zen, azkartzen doana. Gozatzeko ziren bidezidor eta zelaiak zanga bihurtu dira, ibili ezinak. GR-ak zirenak —seinale eta guzti— iragan ezinak dira orain; zelai malkartsuak mendi bizikleta zaleen jauzi jolaserako eta gozamenerako jaurti bidezidor pista bihurtu dira. Bestalde, itsasoari begira amildegi ertzean dagoen pista, denbora ez asko barru, luiziak eramango du. Behin eta berriz gutunak, argazkiak, bidali nituen udalera ohartarazten gertatzen ari zenaz, inolako ganorazko erantzunik jaso gabe. Gainera, gauzak larriagotzeko, hasi ziren turista taldeak antolatzen Uliatik “abentura turismoa” bultzatzeko. Orain dela egun gutxi joan nintzen buelta ematera aspaldiko partez, eta ikaratuta egiaztatu ahal izan nuen higatze eta endekatze prozesuaren abiaduraren arintzea. Benetan ez bazaizkio mugak ipintzen horri, Ulia den altxorra denbora gutxi barru endekatutako hiri parke dekadente bihurtuko da. Ondo dago txirringaz ibiltzea, ondo turismo neurtua, baina kontuan izan behar da inguruan eragiten den talka, baita erabiltzaileengan ere. Ulia ekosistema txiki eta hauskorra da eta mugatu gabeko jarduera horiek ezinezkoa egiten dute bere iraupena modu harmoniatsu eta iraunkorrean.
«Orain asko ez dela, Uliatik ibilaldia egitera animatu nintzen eta ikusi nuen iragarrita nuena gertatu dela eta txirringekin eragindako higadura luizi bihurtu, eta bidea eraman duela»
Orain artekoa duela urtebete idatzi nuen, baina ordenagailuan geratu zen, nekatuta bainengoen ordura arte udalera bidalitako ohar eta argazkiengatik jasotako mespretxuez. Zera geratu zen idatzita eta gordeta: “Itsasoari begira amildegi ertzean dagoen pista denbora ez asko barru luiziak eramango du”. Orain asko ez dela, Uliatik ibilaldia egitera animatu nintzen eta ikusi nuen iragarrita nuena gertatu dela eta txirringekin eragindako higadura luizi bihurtu, eta bidea eraman duela.
Agerian jarri behar dira, baita ere, egin diren interbentzio narrasak, burugabeak. Hiru adibide. Bat. Erripa malkartsuan bidea ireki lautik doan beste bat ordezkatzeko. Horrela bi bide leku berean, malkartsua bata, berria, laua bestea, ordezkatu nahi dena. Bi. Bidea markatu jendea eramanaz, txirrindulariak ere, higadura handiagoa eragingo den lekutik, aukera leunagoak egonda. Hiru. GR-ko zatiak ziren bidezidorrak ibili ezinak bihurtu direnean, txirringen erabileraz, GR seinalea kendu —modu narrasean, jakina— eta beste bide batetik eraman jendea, eta hor konpon!
Unea da, seriotasunez heltzeko agertzen ditudan arazoei eta beste batzuei, eta Ulia babestuko duten neurriak hartzeko, gauzak okerrera joan ez daitezen.


