'3x2 ez da sei'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Txuri-txuria da nirea. Zein markakoa den esango nizuke irakurle, baina doako propaganda egitea ere… Etxe honetan sartu nintzenean, irakurri nuen lehengoz. Ez nuen ezagutzen.
Txuri-txuria zen nirea. Karpeta batean gordeta nuen pegatina bat jarri nuen aurrena. Gutarrena. Egutegi bat, hilez hil, orriak kentzen zaien horietakoa. Egunen artean, idazteko tartetxoak dituen horietakoa. Bertso saioak apuntatzeko, datozen estropaden egunak, ez dakit nongo bilera eta ez dakit norekin kafea.
Orain arte, bizitzan izan ditudan hozkailuekin alderatuz, ezberdina da hau. Goian du izozgailua. Bi apal. Bi apal hotz, nola ez.
Behean berriz, hozkailuko lau apal, barazkientzako otarra eta atean beste hiru apal. Arrautzak gordetzeko lekutxoa. Ur botilak gordetzekoa –arraunlariok, ur botilak bakarrik ditugu–.
Hasiera orok sortzen duen ilusioak, apal guztiak betetzera garamatza. Merkataritza guneetako ofertainomano batzuk bihurtzeraino. Matematiketan onak izan arren, 3×2 ez da sei izaten, segi izaten da, segi eta segi… 3×2 ez delako sei; 3×2, sei produktu hartu eta lau ordaindu baita. Ofertainomanoa gaixotasun bat da finean. Momentuko plazera , iraungitze datarekin iraungitzen da.
Nire hozkailua, hutsa dago. Merkataritza guneetara, hilabeteak dira karritoarekin sartzen ez naizela. Boltsa bete irten ohi naiz. Ez dudalako gehiago behar. Gaurkoa, eta biharko asko jota. Finean, ofertainomanoek, jatearen ilusioa galtzera iristen direla iruditzen zait. Datozen asteetan zer den jango duten badakitelako. Nik, gaur zer jango dudan badakit. Baina etzi? Nola jakin etzi zer jateko gogoa izango dudan?
Herriko azokara noa. Han ez da ofertarik. Han ez da deskonturik. Bertan, 3 x 2, sei delako