Unai Elizasu: 'Askenetan'
Askenetan nago eta gaude. Askenetan naiz eta gara. Ez naiz existitzen ez den hitz baten definizioa sortzen hasiko. Nahikoa egin dut, hitza sortzen eta! Baina, azkenak ez ote du askenetik?
Jaiotze unean, amaren zilbor-hestetik askatzen gara, gizarteak dakarzkigun loturetan lotzeko.
Gero, eskolan lotzen eta lokartzen gaituzte. Eta normala da, halako ez-kuntza sistema dugu ta!
Eskolan geundela, eskolaren azkena noiz iritsiko zain egoten ginen, aske sentitzeko. Gero 18 urteak iristen ziren, askatasunarekin lotzeko 18 urteak. Haur izateari utzi eta, haur baten irripar askea marrazten da nerabeen ezpain lotuan. Eta gero, nerabetasunaren askenari ere, azkena jartzen diogu heldutasunean aske lotzeko.
Gizarteak, azkenak dituen elementuz betetzen digu egunerokoa. Iraungitze-datez betetzen dizkigute egutegiak. Askenak idazten ditugun unean, azkenez azpimarratzen dizkigute une oro. Askenetan gaudenean, azkenetan gaudela sinistarazten digute.
Egungo krisia, bere azkenetan dagoela esaten digute. Baina krisiaren askenetan egoteak dakartzan onurei ateak ixten dizkiogu.
Egunero, sortzeko asmoz esnatu nahi dut. Egun eroak sortuz goizero. Egunaren azkenetara, aske. Azkenaren askenetara.
Gertuko batek, bere egunerokotik irakurri zidan: “Finean, herio etorri zitzaionerako, bere azkena iritsia zen!”
Gauzen azkenen beldurrak, herioren bideetan paus(u)ak jartzera garamatza. Eta ez; gauzen askenetan, urratsen bidera eta urratsak bideratzera eraman behar gaitu.
Herioren loturatik askatzea ezinezkoa dela jakinda, gizartearen askena landu behar dugu. Askenak ez beza bere azkenik izan.