'Eskuetarako krema'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Badirudi, arraunlariok, NANa, esku ahurretan dugula. Arraunlariak garela sinetsarazteko modu bat, esku ahurrak erakustea baita. Gure kailu, ebaki, azal biluztea… horixe omen gure nortasun agiria edo ageria.Eta, zaintzea litzake gauzarik normalena… baina keba!! Eskularruak eramatea debekatuaren mugatik oso gertu zegoen, eta dago. “Arrauna sentitu egin behar da eta kendu eskularru horiek!” esaten ziguten gure zaharrek ontziratu orduko. Eta neu, neurri batean, iritzi berekoa naiz. Arraunean, babesak, babestu egingo du; baina, sentitu, ez da arrauna behar bezala sentitzen. Eta, sentituz bakarrik lor genezake gure onena ematea.
Hala ere, zaintzea ere bekatu mortala zela sinetsarazi digute. Azken batean, zauri, kailu hori gogortu egin behar da. Zainduko bada, berriz ere zauria irtengo delako. Eta, entrenamendu bakoitzaren ondoren, ireki berri den zauriari begira egotea ez da kontua. Gainera, daramagun trotearekin, zauriak ez du sendatzeko tarterik.
Aurrekoan, nire logelako mahaitxoan dagoen liburuari, lagun berri bat ekarri diot. Eskuetarako krema. Bi hilabete daramat. Goizero esnatu eta krema ematen. Loak hartu baino lehen, esku ahurretako marrak Norvegiako krema zuriz estaltzen ditut.
Ez ditut esku ahurrak sendatu nahi baina. Ez dut pianista baten eskuak izateko inolako asmorik. Baina, zaindu nahi ditut. Zaindu.
Ezin esan, esku leunak ditudanik. Esku ahur eredugarriak ez dira nireak. Ez dute argazkietarako balio. Ez dute masajerik emateko balio. Baina, zaindu nahi ditut, zaindu. Zaindu.
Askotan, norbera ez da ohartzen zaintzearen beharraz. Askotan, zertarako galdera egiten diogu gure buruari, eta ez dugu erantzunik topatzen. Askotan, gure begiek, begiradek, ez dutelako erantzunik topatu nahi. Bestelako begiradek ematen digute erantzuna. Bestelako begiek. Bestelako eskuek. Eta hargatik, zaindu nahi ditut. Zaindu. Zaindu.
Finean, detaile txikienak zaindu behar dira. Esku ahurrak zaintzen ditudanetik, gehiago sentitzen dudala esango nuke. Gehiago eta hobeto sentitzen dudala.
Zaindu nahi ditut, baina batik bat… Zaindu nahi dut… Esku ahurretan, bizitza definitzen duten marrak omen doazelako, bizitzako bideak… eta oztopoak gainditu ezin badira, leundu ditzagula. Ziabogarik gabeko estropada baterako prestatu behar baitira esku ahurrak. Esku ahurrak, ere.