
Aurreko zutabean bezala, gaur ere hitz berri batekin nator: gaiso. Eta zer da gaiso? begiratzeko gaitasuna.
Inoiz, entzun izan diet bertsolariei, txapelketa garaian egiten zitzaizkien elkarrizketetan, euren prestakuntzaren oinarria, adi egotea dala, gaiso alegia.
Gai jartzaileok ere, nire kasuan bai behintzat, gaisotasun kronikoa dudala esango nuke. Gure begiak, leku batean enfokatuak egongo diren arren, begiradaren enfokea beste bat, edo batzuk izan ohi dira. Gertukoek, ezagun dituzte gure begi eta begiraden (des)enfokeak.
Baina, gaisotasun hau ezin bestekoa da gure sorkuntza lanerako. Edozein egoeren aurrean begiak iltzaturik ipini arren, begirada aske dabil egoeraren zokoetan barrena, gai, arrazoi, sentipen ezberdinen bila.
Orain hilabete edo, entrenamendutik etxera bidean, herriko kale estutik nindoala, neska gazte bat zen nire aurretik 10 metrora. Neska ohartu zen atzetik nentorrela eta, sakelako telefonoa hartu zuen berehala. Eztakit beldurra zen, edo ikara, edo… baina egoera horrek neskari beste eragin ninduen. Neskak, pausoaren erritmoa baretu zuela ohartu nintzen unean, azkartu nuen nirea bere ondotik azkar batean pasatzeko. Ez ninduen aurpegira begiratu ere. Lasaitasun keinu batez lasaitu nahi nuen neska. Baina telefonoari heldu zion, estu heldu ere. Bere ondotik pasa eta pausoen erritmo altuari segi nion etxeraino. Ez nuen ni bere kezka areagotuko zuen keinurik sortu nahi.
Halakoak, une oro ikusten ditu gaisoak. Egoera bakoitzaren atzean, historio ugari ikusteraino.
Ariketa interesantea da oso. Jarrera kontu da. Gauza jakinak ikusten dira. Eta gauza ezberdinak begiratu. Egunero, hamaika notizia ikusten ditugu. Edo ikustarazten dizkigute hobe esanda. Berri bakoitzaren atzean begiratzea gustatzen zait niri. Berri hori zergatik ote den berri? Eta berri horren atzean dagoen berriak, zein beste berri ezkutatzen du? Ikusiarazi nahi diguten horretan, ezkutatzen da begiratzerik nahi ez dugun zeozer.
Harrigarria egiten zait, egunak joan eta egunak etorri, nola notiziak igualak izaten diren. Begien, irudien enfokea aldatuko digute akaso, baina begiratzeari ateak ixteko metodoa ez ote da notizien errepikapena? Zein begirada ezkutatzen da, egunero-egunero gauza bera ikustera behartzen gaituztenean?
Irakurle, animatu eta gaisotu zaitez.