
Zer gertatzen da irailaren lehenego bi igandeetan… (gaztetatik dugu gordea bi igandeok. Gogoan dut, orain 10 urte jokatu nuela aurrenekoz. Kolore berde gorriak soinean. Oraindik, bateratu gabeko proiektua zen Donostiako arraunarena eta. Pasa dira urteak geroztik. Bi igandeok baina, bere ikutua dute. Ukitzen gaituen ikutua)
Zenbat kolore Donostiako, badia eta kaleetan… (harrigarria egiten zait egundo ere, horrenbeste kolore ikustea. Ez da kolore gabekorik inon. Zuri, berde, hori, larros, more, urdin, gorri… Kolore guztietako kamisetak soinean, festa baten bueltan elkarrekin. Arraunak bakarrik lortu behar ote du hau….?)
Kontxan, arraun hotsa, boga boga mutil eta neska (ez nuen nesken estropada ikusteko aukerarik izan. Gure luzaketen unean iristen ari ziren helmugara. Nesken estropadak zeozer badu txarrik, hoixe da. Ezin dugula denok gozatu)
Arraunzale denak, gozatzen dutenak, Donostian arraun festa (Kontxa ezer bada, festa da. Ez olinpiada, ez munduko estropada onena eta ez halako babalokeririk… Arrauna oinarri duen festa egun eder bat da. Donostiak, kolore denak beso zabalik hartzen dituen eguna. Arraunzaleak gozatzen duten festa. Nahiz eta arraunzale horiek, urtean bi egunotan soilik izan arraunzale)
Arraunlariak irteten dira, gogo biziz indarrean (zenbat jende biltzen den hondartzaren giran. Piraguan, igerian, gabarroiean, ontzian… Euren ondotik pasa bakoitzean, “aupa Donostiarrak” entzute hutsak, jartzen dizkizu ileak airian)
Giroa piztuz Urgullen, irlan, portuan, Alde Zaharrean (harrigarria da, epailearen “Ba!” horrekin batera, entzuten den burrunba. Pasealeku Berria pasatzearekin bat, ixiltasuna. Lanerako, onena).
Ranpara, iritsi eta hara, zenbat zale ta lagun (eta ezezagunak ere mordoa. Zenbat argazki, beso kolpe, besarkada… inoiz malkorik jauzten bazaio arraunlari bati, bertan da)
Bandera bakarrak astintzen du baina, den denok gara txapeldun (badakit, diplomatikoegia geratzen dela txapeldunaren termino hori bertan jartzea. Batzuk akaso, beste errimarik ez nuelako dela esango dute. Baina ez. Arraunlari danoi, halako egun batez pizten zaitu arraunean segi edo hasteko arra. Eta, arrauna nola dagoen ikusita, ar hori pizte hutsa bada pozik egoteko aski motibo. Arraunak irabazten duelako.
Paladaz palada, uberaz, ubera (batek baino gehiagok galdetu dit ubera hori zer den…) (segi galdetzen, segi…)
arraunari tira, guztiok batera, (sartu eta atera, sartu eta atera…)
Bandera, ederrena da bera, (ikusi besterik ez dago bestelako estropadetan banatzen diren banderekin. Batzuk, zatarrak dira oso. Arraun munduan, banderari trapu deitzearen arrazoia hortik dator.) Donostiako estropaden perla zu zera!
(Irailaren bigarrenerako eskatu zidaten testua idazteko. Atzo [igandean] jokatu genuen estropada eta, gau osoa, atzoko kafeen ondorioz esna pasa ondoren… azken hilabeteetan bueltaka izan dudan kantu eta hitzak besterik ez zaizkit burura etorri)