Unai Elizasu: 'Porrontxoak'
Lehenik eta behin, barkamenak eman behar Hitzako lagunei. Orain bi aste idatzi behar nuen testu hau eta, inoiz baino beranduen jarri naiz ordenagailu aurrean. Arraun denboraldiaren bukaerako ajeei buruz idaztea izan zitekeen egokiena, aurreko urtean egin nuen bezala. Aurten baina, ez zitzaizkidan irtengo hitzak aurreko urtean bezain aise.
Denboraldia bukatu eta lanean hasi behar izan dugunok… (lanean hasteko baina, geratu behar izaten da, eta ez da nire kasua izan…), lanean segi dugunok, atsedenerako tarterik gabe geratu, edo tarterik hartu ez dugunok, gauza asko izan genitzake kontatzeko.
Baina, zer kontatu aukeratzen eta lanen pilaketak, bi aste behar izan dute ordenagailu aurrean jartzeko. Eta horretarako ere, eguna esnatzeke dagoen tarte hau hartu behar izan dut hitzok jartzeko.
Urteak dira Porrontxotara joan ez naizela. Oker ez banabil, behin bakarrik egon izana dut gogoan. Nahiz eta festa hauen fama, udako azkena izanagatik akaso, handia izan.
Aurreko astean hasi nituen nire irakasle lanak. Ikasleekin topatzea, udako atsedenaz geroztik, sortzen du halako kuriositatea. Zer moduz pasako ote zuten uda? Hiru hilabeteetan aldatuko ote zitzaien gorpuzkera, arpegikera? Hirugarren mailako hark jarraituko ote du laugarren mailako beste harekin? Batxilergoko hura heldutuko ote zen jada? Lehen mailako hark errekeraren beldur izango ote zen oraindik ere…. (ah, bigarren lan egunerako, ikusi nituen hirugarren eta laugarren mailako bi ikasleak, futbol zelai ertzean, elkarri mukiak jaten… irakurleok, kotillak zeatela gero!)
Baina, lehen asteak izan zuen bere poz unea. Ez dizut ukatu, irakasle denek ukatuko ez duten bezela, ikasle denen artean, baditudala kuttunak (eta ttunttunak). Eurekin uretan nenbilen batean, bi ikasle entzun nituen, euren artean euskaraz egiten. Bi ikasleok, koadrila berekoak dira eta ohartu nintzen, beste koadrilakideak ere, euskara zebilkitela.
Basamortuan oasia ikusten duenak bezela, halaxe argitu zitzaizkidan begiak niri; eta pozaren bat batekotasunetik, harriduraz eta emozioz galdetu nien, munduko gauzarik arraroena ikusiko banu bezala (hau esatea ere ez da earra gero!) ea nolatan ari ziren euskaraz!
Ezin dut esan, klaseak ematen ditudan eskolako ikasleen hizkuntza euskara denik. Eta ikasle hauek osatzen zuten koadrilak, ez zuen aurreko urteetan euskara euren hizketarako tresna. Bazuten jarrera ezkor bat euskararekiko, eta ustezko ezintasun sinestu bat eurengan barneraturik.
Euren erantzuna izan zen gustatu zitzaidana. “Porrontxoetako festetan, jendea ikusi genuen euskaraz eta guk ere, halaxe hastea erabaki genuen!”. Klaseetan, aurreko urteetan, Pablo Alboran eta flamenko doinuak izaten zituzten euren kantu eta dantza gai. Eta aurrekoan, euren erabakiekin koherente izan nahian edo, “…mesedez ozen esan, negua joan egin dela, izara guztiak erre ditut eta….soinu bakar bakarra, zure bularraldean… negua joan da ta…”
Ia ia, klasea eten nuen, eurekin batera kantuan jartzeko.
Porrontxoak. Udako azken festa. Zenbat mozkor izango ziren Egiako kaleetan. Zenbat lapurtutako muxu. Azken kokakolak, kalte egindako zenbat goragale. Zenbat bikote ahuste. Zenbat bikote haste. Bizilagunen kexu, kotxeetan sexu, “lasai, oraintxe noa” Whatsapp mezu.
Porrontxoetako parrandak baina, halako hizkuntza erabakiak hartzeko balio izan dute ere. Akaso kalimotxoak, akaso txoznetako ogitartekoak… akaso, gustuko zuten mutil guapo horren lengoaia, edo… motiboa da neurri batean gutxienekoa.
Baina hasi dira.