Unai Elizasu: 'Tarrapatan'
“Sebastian bat bada zeruan, Donosti bat bakarra munduan…”
Aurten, lehen aldia izango da, danbor hotsen entsegurik entzun ez dudana. Ez “sebastian bat bada zeruan”, ez “tatiago”, ez iriyarenik eta ez polkarik. Eta bai, zorionekoa ni!
Ulertzen dut, donostiar zenbaitengan sortzen duen bihotz taupen tarrapatana. Finean, euren eguna da, eta euren eguna izaki, egun horretan egosten den guztia irensteko prest egon behar du batek. Danbor hotsak, 24 orduz, etenik gabe, Donostiako ekosisteman, atez ateko kutsadura organiko-akustikoa. Ez da bakerik izaten eskola inguruetako etxe-auzoetan. Esperientziz diot. Altzako gurasoen etxeko balkoipean, eskolako kirol zelaia dago eta. Arratsaldero, eskola umeak, euren danborrak gerrikoan zintzilikatu eta arma zuri bana esku ahurrean hartuta, dinbi eta danba. Megafoniatik, irakaslearen eztarri urratua, ixiltasuna eskatuz. Kasurik egiten ez duenari, arma zuri biak kenduko zaizkionaren amenazu jarraia. Denak filan, ilaran. Artalde ordenatua. (Artalde eta ordenatua, batera joan ezin duten bi hitz direla esango nuke baina). Zelaiari, futbol entrenamendu batean baino buelta gehiago. Danbor nagusia, ardi beltz gehiegi diren artaldeko artzai. Denen aurrean, makil luze bat eskuan eta bestea, bizkar hezurrari lotuta, zurruntasun gehiegizkoan.
Danborradako CDa, batzuentzat kasetta oraindik (kasseta edo kasetta… ez dut gogoan nola idazten den…), urtero konpondu behar den megafonian, buelta eta buelta. 10 hilabetez, apalen batean galduta egon ondoren, bi hilabetez, ia birrintzeraino, buruaz beste egiteraino kasik.
Danborradan parte hartuko ez duten eskolako haurrek, kartulina zuriarekin sukaldari txapela egiten dute. Xardexka eta goilara marrazten dute kolore urdinez. Txinoetan, danbor eta makil parea erosi. Aurreko urteko danborra non ote den ere, etxe askotako misterioa izango da. Eta bestela, “nola egin danbor bat” jarriko zuten askok youtuben. Kartoi kaxa bat, metro t-erdiko soka eta txapakume zati bat, 40×40. Eta makilak, igande goizez, mendi aldera joan eta adar polit bi bilatzen orduak pasa.
Nik ere badut , Donostian ikasi dugun ia denek bezela, militarrez jantzita, danbor ponpox bat gerrian eta Alderdi-ederren ateratako argazkia. Urtero, argazki denda zenbaitek, euren uda bihurtzen zuten urtarrila. Merkataritza guneren batean, argazkiak, kortxo taula handi batean jarri, bertaratu, eta norbera topatu arte erotu beharrean ibili eta ordaindu; pezetatan noski.
Aurtengoan, ez dut danborrik zintzilikatuko gerrian. Aurtengoan, ez dut festarik egingo eta ez naiz inongo ilaran jarriko. Ez dakit zenbat Sebastian izango diren zeruan, baina Donostia bat baino gehiago munduan denez… urtarrilaren hogeitarrapatan on bat denoi!