Unai Elizasu: 'Txorradak'
Bozkatzera joateko eguna da igandea. Halaxe nuen apuntatua sakeleko telefonoko agendan. Bozkatzera.
Aurtengoan, inoiz baino urrutiago sentitu naiz berri, gaur egun eta sareko zurrunbilotik. Zeintzuk diren udal eta aldundiko hautagaiak ere, justu-justu asmatuko nuke.
Modu honetan, bozka papera hartzea ere, ez dakit zenbaterainokoa den interesgarria. Zaharrek esaten zuten bezela, “betikoari” emango diot akaso bozka…
Politikarien bozgorailuetatik urruti ibili naiz. Esango nuke ere, eurak ez ditudala gertuan sentitu. Urte osoan zehar, urruti izatea normala eta anormala da. Baina hauteskunde garaian, gertu ez badaude ere, agertu egin beharko lirateke gure bidera behintzat. Nirean, ez ditut ikusi behinipin.
Telebistarekin haserre xamar nabilelako akaso… irrati uhinekin ere ez nabilelako oso adixkidetua… eta Movistarrek, internetik gabe ez dakit zenbat astez utzi nauela kontuan izanda… ez dakit zein den partidu bakoitzaren slogan, proiektu eta blablabla.
Hori bai, errepidean, bideari begira ez naiz bakarrik egon izaten. Autobus geltokietako markesina, autobusen atzekalde, parkeetako kartelei begira egon naiz… Eta ez zaizkit batere erakargarriak egiten. Gehiago esango nuke, ia denek, gauza beretsua irakusten dute. Arpegi bat, bi esaldi eta flasha! Ez dakit zein ote den komunikazioaren ardura edo estrategia daramana; baina, niri behintzat, ez zaizkit batere erakargarriak egiten kartel eta delakoetan ikusten ditudanak…
Jendearengana iristeko, arpegiak bakarrik ez direla behar nago sinistuta. Inork akaso, kartel batean arpegiarentzako lekua bakarrik sartzen dela esango du… arpegia izan behar da hori esateko ere, gero!
Baina flasharen aurrean jarrita bakarrik, irakusten duguna zer den soilik da agertzen dena. Eta erakusten duguna, ezin du arpegi bat, edo bi izan. Ezin du irriparre bat izan. Flash guztien atzean, itzal bat dagoelako.
Ez dut oso gustokoa politikarien jarduna (nahiz eta, miresgarria egiten zaidan euren bizimodua era horretara eramateko duten… grina), baina gustoko dut oso, euren diskurtsoa jendeartera zabaltzeko duten moduak ikustea.
Aurreko batean, publizitatean lan egiten zuen bati egindako erreportaia batean entzun nion: “txorradak pentsatzea da gure lana”. Azken batean, txorradak diruditen horiek izan daitezke, jendearengana iristeko modurik onena. Ta berriz diot, txorradak diruditen horiek… txarradek ez dute balio, txorrada diruditenak bai.
Gomendioak emateko ni ez naiz nor, eta inork ez dit zutabe hau gomendioak idazteko direnik esan. Baina zutabe hau dut, nahi dudana idazteko. Gauza sakonak, hausnartuak eta gogoetatuak…maite ditut. Batipat, sakontasun, ausnarketa eta gogoeta horiek, txorrada diruditenak direnean. Norbaitek txorrada bat idatzi dudala uste badu… bejondaiola. Nik ere, horrela dirudiela esango nuke eta. Portzierto, inor ohartu da, dirudi hitzaren baitan ezkutatzen den hitza? Horixe ba, txorrada bat!