
Orain artean, ez nion inoiz arreta eman gai honi, baina azken aldian, gertatu izan zaizkit, eta nigan halako gaizki egon bat sortu didate.
Ezer esan aurretik, badakit bakoitzak bizi duela bere testuingurua, norberak dakiela ondoen oinetan dituen harri koxkorrek zenbaterainoko ezinegona sortzen dioten. Baina, arreta ona edo zainduak sentiarazten gaituzten lekuetara joaten garenean, ni behintzat, «ondoegi zaindu naute» esanez irten izan naiz inoiz.
Ondoegi hitza zuzena ote den ez dakit. Baina existitzen bada, zer edo zer gaizki doanaren seinale ezta? Ondoegi? Ondoegi ez ote da, ondo? Ondo eta ondoegiren artean, zenbat ondotxo daude?
Sentsazio hori, nirea izan zitekela pentsatu izan dudan arren, badut inguruan ere, halakoak bizitakoak ere.
Harritu egiten naiz, irribarre batekin eta horren modu jatorrean kasu egiten nauten langile zenbaiten aurrean. Gertatu izan zait, banketxe edo xoxetxeetan. Muturreko bi jarrera. Batetik, irribarrez, begietara begiratuz, gauza ulertzeko moduan… («ulertzeko moduan» eta «garbi» hitzak, parekoak dirudite… baina ez dira!), egun on, eskerrik asko, ondo izan… Eta, paradoxa izan arren, pozik eta irribarrez irten izan naiz xoxetxe zenbaitetik.
Egun on, eskerrik asko, ondo izan. Hiru hitz hauek, langile-bezero elkarrizketa batean egotea, oinarrizkoa dela esango nuke. Eta hitz hauei, irribarre eta begirada bat jartzea, asko eskatzea ote da?
Begiradarik gabeko begiekin kasu egiten didatenean, edo irribarrerik gabeko «kaixo» lehor batekin hurbiltzen zaizkidanean, kostata lortuko dute nire erosotasuna.
Ulertu dezaket, hilaren bukaerako nominaren beharrak, gustukoak ez diren lekuetan egotea dakarrela zenbaiti. Baina, norbere nomina zaindu nahi duenak, zaindu behar du nomina hori elikatzen dutenen aurreko jarrera. Zaindu. Zaindu.
Aurreko batean, zaindua sentitu nintzen denda batean. Zain egon zen nire ondoan, azalpenak ulertzeko moduan. Zalantzak, argituz. Eta, horren ondo sentitu nintzen, agurtzerakoan, zoriondu eta eskerrak eman nizkiola.
Ez da asko eskatzea. Eta, aitzakia merkeak, garesti ordaindu litezke. Denok dugu egun txar bat. Denok dugu egun ilun bat. Baina, aitzakiak besterik ez dira.
Errepikatu. Denon helburua, bezeroak errepikatu dezan, berriz itzuli dadin nahiko genuke. Errepikatu nahi bada, zaindu beharra dago; bestela erre-pikatu eta, zain!