Une bat norberarentzat
Norberarentzat idazten dugunean, hitzok errazago ateratzen direlako sentsazioa izaten dut maiz. Inork ez baititu hitzok epaituko; inork ez baitu esango zuzen edo oker gabiltzan, ez baitute hitzek inorengan eragiteko asmorik edukiko. Norberarentzat idazten dugunean, askeagoak garelako sentsazioa izaten dut sarri; gu-agoak, nolabait. Maskara eta arantzarik gabekoak. Gardenagoak.
Hau esan ostean, berrirakurri hasierako parrafoa, eta ‘idatzi’ hitza jarri dudan tokian, jar dezala norberak ondoen datorkion ekintza: abesten, dantzatzen, marrazten, zuzentzen, sortzen, edo, zergatik ez, maitatzen. Bat al zatozte esandakoarekin? Askatasun hori ezaguna al zaizue?
Egindako hausnarketa hori abiapuntutzat harturik, bi ideia datozkit burura. Bat: Nago, egiten dugun horretan gutxitan sentitzen dugula aipaturiko askatasuna, begirada, fokua zein asmoa beste norbait edo zerbaitengan jartzen dugulako. Eta bi: sentitzen dut, enkarguz edo behartuta ez bada, ez dugula maite dugun ekintza horrentzat nahikoa denbora hartzen.
Bi ideia dira, baina izan zitekeen bakarra. Izan ere, enkarguzko lan horiek kanpora begira egiten ditugu, edo ez ditugu egiten ez dugulako gure askatasunerako denborarik hartzen. Fokua kanpoan dugu; enkarguan, beharrean, besteengan. Eta fokuak behar luke barruan, nahian, gugan. Baina zenbat kostatzen zaigun.
Gela bat norberarena idatzi zuen 1928an Virginia Woolfek. Lan hartan emakumeak idazteko behar zuen espazioa aldarrikatzen zuen Woolfek. Espazioa, eta aukera. Askatasun modu bat, finean. Eta, ordutik garaiak asko aldatu badira ere, Woolfen garaitik hona aurrera egin dugula senti badezakegu ere, aldarriak bertsua izaten jarrai lezake. Izan ere, nik ere aldarrikatu nahi dut, orduan egin moduan, espazio bat ez ezik, garai bat norberarena. Une bat norberarena. Egunean, gutxienez, bat. Eta bertan bizi emozio bat, norberarena. Estualdi bat, gozamen bat, norberarena. Irri bat, malko bat, norberarena. Norberaren une, emozio, sentsazio, estualdi eta barealdiak direlako, finean, denontzat aukera. Askatasuna.
Arantzatsu atera zait oraingoan, zutabea. Kalanbreak sentituko ditut hirugarren irakurraldian. Baina idatziarekin bat eginez, hartu dut une bat, espazio bat, aukera bat hausnarketa testuratzeko. Eta, hitzak, parrastadan, bata bestearen atzetik atera zaizkit oraingoan. Ordu bateko mugan preso, barruan neraman hausnarketa aske ateraz. Hitzok ulertu badira, primeran. Eta, bestela, hartu une bat, espazio bat, aukera bat hausnarketarako. Hartu une bat zure buruarentzat. Eta, sentitu kalanbrea.