Urgull mendian gaztelu bat dago
Donostiako tradizionalisten mezua hunkigarria da, batez ere, 1950. urteaz geroztik beren buruen gainetik jaun eta jabe agertzen den Kixmi (Kristo) frankistaz ari direnean, lasai ederrean honakoa esaten dutelako: “Gogoko ez duenak ez dezala begira!”. Hau bai gogoeta sakona eta interesgarria! Eta, hau ikusita, niri honelako gogoeta bat bururatzen zait. Komunitate musulmanak Igeldo mendian ilargi erdi handi bat ezarriko balu, Jainkoa handia da mezua erraz ikus daitekeela, zer gertatuko litzateke? Tradizionalista donostiarrek lehen aipatutako gogoeta horri eutsiko ote liokete? Edo, adibidez, Aiako Harrian Felix Likinianok sortutako aizkora eta sugearen estatua ikaragarri bat ezarriko balitz, Bietan Jarraitu mezua irakur daitekeela, Donostiako tradizionalistei beste aldera begiratzea aski dela irudituko ote litzaieke? Hori inortxok ere ez du sinisten!
Donostiako Udalak Motako gazteluaren gainean eraikitzeko onartutako baimena auzitan jartzea begi bistakoa da. 1950ean, zilegitasuna 1936ko uztailaren 18ko mugimendutik sortutakoa zen, eta mugimendu hau faxista eta guztiz autoritarioa zen. Mugimendu honek kristauen erlijio katolikoa indartu eta babestu egiten zuela esan behar da. Diktadore odolzaleak Donostiako badian aingura botatako Azor ontzitik, bere gurutzaldiaren ikurra zena gauez zuzien bidez nola argitzen zuten ikustean, izugarri gozatzen zuen, soldaduska egitera behartutako soldaduek horixe egin behar baitzuten.
«Donostia den hiri zoragarri honetan jadanik ezerk ez gaitu harritzen […]. Frankistek eraikitako monumentu bat ez dela kendu behar uste dutenen iritzia ez zaigu harritzekoa iruditzen»
Gauzak argitzeko, zenbaitetan, begi bistakoa dena azaldu behar da, eta ni naizen donostiar ohi xume honi bakoitzak bere etxean nahi duena gordetzea ederki iruditzen zaio, adibidez, hirurehun gurutze, mila Ama Birjina edota hogeita hamar biblia, baina eremu publikoari buruzko arauak ezin dira gehiengo eta gutxiengoaren arteko jokoan finkatu, eta beste analisi eta zirkunstantzietatik aztertu behar dira. Eta analisi eta zirkunstantzia hauek lehenetsi egin behar dira, politikaren eremutik kanpoko printzipioak baitira, aspaldian indarrean daudelako. Erlijio askatasunak erlijio bat askatasunez aukeratzeko eta bizitzeko eskubidea babesten du, baina ezin dugu ahaztu erlijio bat eta bere ikurrak ezin zaizkiela indarrez inposatu erlijio hori nahi ez dutenei.
Donostia den hiri zoragarri honetan jadanik ezerk ez gaitu harritzen. Kaleetan militar eta esklabisten izenak irakur daitezke. Emakumeei bazkide izatea debekatzen dieten elkarte gastronomikoak oraindik ere badaude. Donostiako udal hilerrian faxisten astakeriak ikus daitezke. Animalien sufrimendua ere ospatu beharreko ikuskizuna da. Arrazista amorratuak ere badaude, eta jatekorik ez dutenekiko elkartasuna debekatzen dute. Gorrotoa zabaltzen duten taldeak normaltasunez babestu egiten dituzte. Beraz, frankistek eraikitako monumentu bat ez dela kendu behar uste dutenen iritzia ez zaigu harritzekoa iruditzen.
1929an jaio zen emakume baten semea naiz. Ama Parte Zaharrean jaio zen, frankistek mamotreto kakaplosta hori ezarri baino lehen, eta umetan honela esaten zigun, “gaztelura jolastera joango al gara?”. Gaztelu hori Urgull mendian dago.