Urketaria korrontearen kontra
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Antropologian maiz aztertu izan da jaiaren alderdi sinbolikoak duen garrantzia. “Aztarna sinboliko” handia dago festen muinean eta badakigu jaietako errituen bitartez gizarte ereduak aldatu eta berriz sortzen direla. Noiz utzi genion mundua haurren begiekin begiratzeari? Bizitzak ospakizun alai bat izan beharko luke, zalerik zaleenentzat “jai handi maitagarri bat”. Baina ez da. Pertsona –animaliaren sena– norbanakotik –segurtasun-egonkortasuna– erauziz gero, elkarren kontrajarri dabilzkigu. Eredu patriarkalak ezarritako heziketak pertsona nortasunez hustu digu… eta ezin aurkitu gabiltza. Eskerrak oraino jaia dugun bizitzaren kontraesanak lixeritzeko pilula filosofiko. Telebistari beha eman dut egun osoa, hiriko jaiari buruzko irudi oro gorde asmoz. Eta ikusitakoak zera berezi bat sortu dit: danborra jo eta jo ari zen morroia. Ez zuen, ordea, irribarrerik ahoan. Are, hiriaren delako santuaren gisan, ipurmasailean gezia zuela iduri zuen. Gaurko egunez danborra jotzea erritua dugu, ados. Ekite zeremoniatsua, hala da. Baina transzendentalegi jartzen direnek gogaitzen naute. Gainontzekooi haur-begiak ebatsi beste xederik ez dutela dirudi. Bai, beren konpainiak kalea zeharkatzean ukalondoaz hormaren kontra xaflatzen zaituzten horietaz ari naiz. Militarrak bailiran aizue! Hori da hori eltzean gatzik ez eta, gainontzekooi ipurdian hatza sartu nahi izatea. Zalantzak ditut jaiaren jatorri adarjotzailearen jabe ote diren, jaiaren funtzioa ezagun ote duten. Jaiak beti du erritotik, baina gehiago behar du izan bizitzaren parodia sanoa. Haginetako mina ere, errituen antzera, nork berea. Gure eguneroko jokaera kontraesankorren zergatiak ulertu nahi izateko adorea behar dugu, eta hala, jaia gure bizitza pertsonaleko gaitzez isolatu eta barruan zer dugun ikusteko erritu izan daiteke. Ipurterreak beti ipurterre, beren zulotik begira jarri arte. Norbaitek anima beharko! Ordena sozialaren isla ere badira jaiak. Danbor-jole ipurterrearen ondoren, Gaztelubide elkarteko irudiak azaldu dira telebistan. “Hau esportatu behar ere”, pentsatu dut nire gogorako; eskerrak Haur Danborrada dugun. Lehen begiradan berrogeita hamarretik gora gizonezko eta hiru emakume, hirurak zerbitzari. Ez dira, ez, oholtza gainean kantinera arituko. Edozein antropologok esango digu jendartean aldatzen zailena oinarri sinbolikoa dela, eta oraindik orain, jaietan agerian geratzen dira jendartean oraindik ere oso sustraituak dauden mugak. Izan ere, gizarte ereduen arteko borrokaren aurpegietako bat da jai ereduen artekoa. Gure agintariek zein ekitalditan parte hartu eta zeintzuk sostengatzen dituzten da gakoa. Azalpenik ez du behar. Iraganean ez dago garenaren esentzia, etortzearen emaitza garela idatzi zuen berriki Beñat Gaztelumendik. Kultura aldakorra da, fluxu bat, eta oraindik orain urketaria korrontearen kontra dabil. Telebistan, Sansebastianen ondorengo albistea, burkaren erabilpenaren gainekoa izan da.