Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta hamabost
Unibertsitate garaian hasi nintzen berriak irakurtzen eta haien inguruko interesa izaten, eta 2005. urtean ikasketak amaitzekotan nengoela iritsi zen Hitza gurera. Esan beharra dut, hasiera horietan ez nintzela fidel mantendu, eta tokiko informazioari ez niola berebiziko garrantziarik eman. Tabernetan zegoela ikusten nuen, eta, tarteka, kuxkuxeatzen nuen bertan idatzita zetorrena.
Gero, nire bizitzaren etapa berri bat iritsi zen Añorgako kultura astintzen saiatzen hasi nintzenean, eta hasiera batean urruti sentitzen nuen hedabidea gerturatu zitzaidan. Alegia, Hitza izan zen Añorgan plazaratzen genuen kulturaz jabetu eta hedatu nahi izan zuen bakarra.
Kontziente izan nintzen informazioa bera baino garrantzitsuagoa zela informazio horren zabalkundea. Konturatu nintzen edozein berriren atzean pertsona bat zegoela, eta kasu honetan jatorra eta arduraz betea. Finean, barneratu nuen elkarte baten ohiko jardunean berebizikoa zela komunikazioa. Barkatu, kalitatezko komunikazioa.
Gero, Doka, Añorga kirol eta kultur elkarteko lehendakaritza, musika eta beste hainbat kontu iritsi ziren, eta beti eduki dut Hitza alboan esateko neukan hori komunikatu ahal izateko.
Hasieran, sorrera momentu horretan hamalau intxaur ikusi nituen, baina gerturatu ahala hamabost zeudela konturatu nintzen… hamabost mila!
Lerro hauen bitartez eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Jarraitu ezazue Donostia informatzen, hiria euskalduntzen, eta herri hau ahalduntzen.