Urte berri on, itxaropen berri?
Ramon Labaien, idazlea
Hasiera eman diogu 2011 urteari. Eta posible ez dela badirudi ere, ahantziak ditugu, jadanik, 2010ean gertatutakoak; kasu askotan, Kristo gure jaunarenak izan badira ere. Urteak joan eta urteak etorri, eta gaiak, aurrerapenik gabe errepikatzen eta errepikatzen ari direnaren sentsazioa sartzen ari zaigu hezurretan. Aspalditik, deusik benetan berria izan dezakeenik ez dugula sumatu, ez gure Euskal Herrian ezta mundu zabalean ere… Azken urte horiek, arrakasta gabekoak izan ote dira bada? Edota gu al gara memoria galtzen ari garenak? Memoria eta sentsibilitatea? Orain dela urtebete, 220.000 pertsona hil ziren Haitin, lurrikarak txikituta. Ordutik hor segitzen dute aurrerapausorik emateko gauza ez direla… Gaur egun, ordea, ez dira notizia. Isilaren bazterrera bultzatu ditugu. Lortu dituzten laguntza sakabanatuak, betiko ustelkeria publikoaren pipiaz josiak. Ezin bizi eta ezin hil. Miseriaren definizioa… Guretzat, ordea, hor konpon Mari Anton. Horrelakoak, beste planetaren batean gertatuak izan balira bezala. Egia esateko, Euskal Herrian ere, zalantzarik ez zaigu falta. Hor ditugu gure erakunde publiko nagusiak, behin izan zuten distira, pausoz pauso galtzen, Madrilekoen pozarekin, noski, baina baita ere –eta zergatik ez esan– euskaldun artaburuak garenon laguntzarekin. Lopez lehendakaria Ajuria Enean, hor dabil gizona, munduko borondate hoberenarekin segur aski, gaztelu horietako baten fantasma gisa, ez dakiela zertan dabilen. Gure herria nahasten eta ahultzen. Eta gure legebiltzarkideak! Abertzale direnak izoztuak bezala utzi dizkigute eta etsai ditugunak, beraien artean ez direla konpontzen, kosk egiteko kemen gutxirekin eta Jauna izan bedi eskertua. Bizi dugun giroa hotza eta txepela da, baina gure herri hau, bihotz bero, hor doa, argiz inguratuta bezala, gero eta gehiagotan, kaleak betetzen, jendea jendetza bihurtzen. Justizia eta zor zaizkigun gure gureak diren eskubideak exijitzen. Eskuratu zaigu ere, aspalditik espero zen ETAren mezua. Adituek, edo adituak direla uste dutenek, diotenez, mezuak aurrerapauso nagusia omen da Euskal Herriak askatasunerantz daraman bidean, eta hala bedi. Gauzak gainetik begiratuta, eta bere neurrian, badirudi ETAkoek exijitzen digutena gaur, Ibarretxe lehendakariak atzo eskatzen zuenaren antzeko zerbait dela. Erabakia hartua omen dute borrokari eusteko, helburu hori lortu arte. Berriro, hala bedi, borroka erailketarik gabekoa baldin bada, odol isuririk gabekoa, txantaiaren tresna baztertzen duena betirako. Utzi dezagun indarkeria Espainiako eta Frantziako estatuak zikintzen. Gorde dezagun guretzat, zuzenbideak ematen duen paregabeko indarra. Gure herriari dagokion estilo garbian.