Urte berri on/off
Askok ez dakite Gabonaren espirituaz gozatzen; batzuek Mr. Crunch garraztuaren ipuinean bezala modu arraroa dute festak bizitzeko. Garai honetan, ETA ez dagoenean, ez dugu aitzakiarik zorionekoak ez izateko, mundu guztia bezala alaitsu igarotzeko. Horretarako Gabonetako argiak oso baliagarriak dira, egun horietan depresio egoeran erortzen direnen artean suizidioak saihesteko.
Aurreko paragrafoko hitzak ez dira nireak; 2018. urtean Ernesto Gasco alkateorde kalifikaezinak erabili zituen Gabonetako argien aurrekontua nabarmenki loditu zuenean Donostian. Oposizioko alderdiek azalpenak eskatu zizkiotenean, Gascok –bazkalondo oparo baten gehiegikeriak jota– ETAren komodina atera zuen mahai gainera. Mr. Scrooge eta The Grinch fikziozko pertsonaiak nahastu, eta argudio bitxiak baliatu zituen hizkera amore-emaile eta zinikoan argi baldar horiek arima herrarien bizitzak salbatzeko gauza direla esateko.
Eta orain nire buruari galdetzen diot burugabekeria horrek guztiak zentzua izango ote duen. Gabonetako egunei –eta batez ere gauei– bizirik irautea beti izan da zaila, are gehiago azken urteotan bizi izandako gertaerek utzitako panorama petralarekin. Baina, ez al dira Gabonak gaitz guztien iturria? Egun horietan Lurreko herri guztiak sinkronizatzen dira gezurrik handiena mantentzeko: magia existitzen dela. Eta txikitatik gezur horren desengainuak frustrazio itxurako trauma nostalgiko bat sortzen digu betirako. Heldutan, doluak pilatzen ditugun heinean, iraganaren espiritua kataklismo erara datorkigu gabezien jai berezi horietan. Baina, ez, egun euforiko horiek minez bizi ditugunok ez gara ez ozpinduak, ezta marmartiarrak ere; gure errefusa lagun grinatsuen errua da, derrigorrezko pozaren proseletismoak kontrako emaitza sortzen baitu.
Eta badirudi edozein parafernalia, merkeena ere, baliagarria dela beheraldiei aurre egiteko; krisi ekonomikoetan ezpainetako margoen salmenta izugarri igotzen ohi den moduan, Gabonetan argitxoak, noriak eta merkatutxoak ditugu eskuragarri. Hala, Gabonetako diru xahutze eta kontsumismo absurdoak garai berrien zentzuzko premia ekologiko-ekonomikoari nagusitu zaizkio.
Kriminologoek diotenez, politikaren gremioan da ugarien psikopatia. Ez nau harritzen, azken boladan herritarren osasunaren kalitateari egindako mespretxua ikusita. Gure osasun oinarrizkoenak erakundeen abandonua bizi badu, azken urteotan buruko gaitzek bereganatutako garrantzia atzerakada larria izaten ari da. Eta gai honetan, gure politikariak lanean tentuz ibili beharrean Eurovisioneko final batean bezala gobernatzen tematzen badira, epe motzera gizartearen arazo psikologikoak gainezka egin dezake. Iluntasuna amaitzeko bonbilatxo txiki batzuekin nahikoa bada, ez genuke Osakidetzarengana joko ipurtargitxo elektroniko bila, bazar txinatarrera baizik.
Urte berri honetan, gure eskubideak aldarrikatzen ditugun bitartean, gure buruko osasunari behar duen arreta eman behar diogu. Horretarako, biziki lagundu dezake norberak bizi nahi ez dituen jai kolektiboak saihestea, antsietatea sorrarazten dizuten ekitaldi sozialak ekiditea, eta zure ingurukoen artean poza eta lasaitasuna ematen dizutenekin geratzea. Argi eta garbi.