Urte berri, zaharrak berri
Xabier Vazquez, realzalea
Urte berria iritsi eta ohitura zaharkituak bueltan. Realak aukera ederra galdu du arerio bat Bigarren Mailako bidean ia behin betiko uzteko eta laitasuneko lehen 10 postuen zonaldeari eusteko. Berdinketa ez zen txarra, baina bigarren zatian garaipena eramateko aukerak ere izan zituen, esan behar bada lehen zati kaskarra egin ostean beti ere.
Urtarrileko opariak (Ifran barne) ikusteko goizegi, ohiko taldean aldaketa behartuak eskaini zituen astelehenean Realak. Estrada aritu zen eskuin hegalean eta zelai erdirako, Rivasen ordez zein jarri ez jakiteagatik edo, Elustondo-Rivas bikotea jarri zuen dantzan Lasartek.
Markelek pasean hutsune nabarmenak ditu, baina Realaren une txarretan gogotsu aritu zen, bezte batzuk ez bezala. Elustondok, ordea, talde osoaren antzera, bigarren zati hobexea egin zuen, baina gauza onak eta txarrak uztartu zituen (iazko partida batzuk ikusita, aurrera pausoa da). Realaren une txarretan buelta emateko gai izan ez bazen ere, behintzat une batzuetan konfidantzaz aritu zen. Ea azken emaitzak ez dion hori kentzen.
Nobebade berriena, baina, arbitroak Llorenteri eginiko pasea izan zen. Aspaldiko partez epaileak, nahi gabe, noski, zer edo zer eman zigun. Bada ez bada ere gero kendu ere kendu zigun, horrelakoak dira Epaile Magoak, nahi gabe zer edo zer ematen omen dute, baina kentzen ere ederki asko dakite. Egia da, halere, lehen zatian epailearen akatsak (eta, ez dezagun ahaztu, geroko Realaren jokaldi onak) noraezetik atera zuela Reala.
Bigarren zatian jokaldi txukun batzuetan aukera izan zuen partida irabazteko, baina azkenean ohitura zaharrak nagusi.
Valentziaren aurkako partidan Olentzori opariak banatzen lagundu genion. Astelehenean Errege Magoei. Azken orduko opariak, espero gabeak, dira poz handiena ematen dutenak. Eta gu eskuzabal gara horrelakoetan. Ohitura hori ahazten ari ginen, baina berriz bueltan etorri da Almeria, Valentzia eta Zaragozaren aurka. lau puntu galdu ditugu, besteekin eskuzabal izateagatik. Gutaz, ordea, ez al da inor gogoratzen? San Jose izan ezik, inor gutxi. Baina San Jose joan zen Belenetatik eta orain urtarrileko aldapa datorkigu.