Urtezahar, Urteberri... Oka egin
Itsaso Gutierrez, musikaria eta hezitzailea
“Bazkaldu al duzu?”. “Bai”. Supermerkatuko eskaparatean dauden eskaintzak irakurtzen jarri zara. Ni alboan. Bihar urte berriari hasiera emango diogula gogoratzen duzu algaraka. Datorrena, urte hobea izango dela esaten didazu igurtzi batekin. Ukituek hotz uzten naute. Gogortzen. Urruntzen. Eskua estutu dizut, igurtzia gelditu nahian. Maitasun keinua zelakoan zaude. Urtezahar gauean zer jantziko dudan jakin nahi duzu, zuk zer jantzi aurrez aukeratzea gogoko duzulako. Oraindik ez dudala erabaki erantzun dizut zatar. Labur. Gabonetan kiloren bat hartzea komeni zaidala gogoratu didazu. Sartu gara supermerkatu barrura. Duela hilabete aukeratu zenuen menua egiteko beharrezkoak ditugun osagai guztiak erosteko asmoz; kroketak, urdaiazpikoa, zainzuriak, solomo iberikoa, langostinoak, patea; gero, zure aitak gogoko duelako, salda bero bat. Jarraian, azpizuna; saltsa berezi bat egin nahi diozu, amonak erakutsi bezala. Bakailaoa saltsan, oso gustuko duzuna. Eta azkenik, sorbetea. Freskagarria delako eta oso ongi sartzen delako. Eta nola ez, turroiak; gogorra, biguna, txokolatezkoa, bonboiak, polboroiak, eta gaueko 12etan topa egiteko xanpaina eta mahatsak. Zein ardo aukeratu kezkaturik zaude. Eta gero patxarana edo rona. Orga gainezka dugu. Ilusio handia jartzen diozu egunari. Zergatik ez dudan soineko beltza janzten galdetu didazu. Estuegia dela erantzun dizut. Zer jarri pentsatzen ari naizela. Heldu da gaua, jatekoa mahai gainean, algaraka daude gonbidatuak. Amak oparitutako mahai zapia ez da ikusi ere egiten. Usain desberdinez girotu da egongela. Eta oihuak, barreak, algarak, kondairak, “eman hau” eta “pasa bestea”, “ekarri ardo pixka bat”, “ederra dago solomoa”, “zer ez al duzu ezer jan behar?”. “Barkatu” batez altxatu naiz mahaitik. Zorabiaturik. “Ongi al zaude?” Baietz. Komunera abiatu naiz. Bihotz taupadak pentsamenduen zorabioen gainetik aldarrian ditut. 500, 65, 100, 24, 1.000. Kaloriak zenbatzen jarri naiz nire soineko zabalenean ezkutaturik. Altxatu dut. Ispiluan bizitzaren arrastoak ikusi ditut. Puztua nago. Lodi. Motel. Jada ez dakit zer naizen. Saihetsak estaltzen dizkidan azal hutsa haragiz betea ikusten dut. Hatzak eztarrian sartu ditut, gauero bezala. Afaldutako kaloria guztiak gainetik kendu nahian. Berriz begiratu dut soineko zabalaren azpiko gorputz arrotz hau. Ez, ez da nahikoa. Zergatik jango nuen horrenbeste. Algarak entzuten ditut atearen atzealdetik. Luze egon naiz lurrean eserita. Biribilduta. Ardo gehiegi edango zuen. 12ak. Mahatsak jatera! Altxatu naiz. Atea ireki dut. Irri faltsu bat jantzi dut. “Ongi afaldu duzu?”.


