'Urumea beti lagun'
Urumea, ur garbia, fina eta mehea, gardena… Nondik etorriko ote zaio izena? Noiztik? Badirudi urte askotan hala izan zela. Denbora luzez, mendeetan zehar bizitza eman du eta gizakiok erakarri gaitu ertzeetara, aukera ugari eskainiz eta askotan bizlanleen bizitzan ibaia ardatza izanik. Noiz eman genion bizkarra? Zergatik tratatzen ditugu gaizki ibaiak? Nola iritsi ginen XX. mendean, Donostian esaterako, Urumearekin gogoratzera itsas-beheran sortzen zen kiratsarengatik?
Urumea ibaiaren arrotik, Añarbetik hain zuzen ere, Gipuzkoako biztanleriaren erdiak edo gehiagok edaten du. Baina azpiarro horren mendien kudeaketari begiratzen al diogu? 1919an Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuen, Donostian edan behar zuten uraren kalitatea bermatze aldera. Urtegira isurtzen duten erreka eta magalak babesturik eta zaindurik bizlanleen osasuna zainduko zutelakoan eta, epe luzera, dirua ere aurreztuko zutelakoan. Bai aintzindariak eta zentzudunak ordungoak! Zergatik ez antzeko zerbait Añarbeko urtegiaren iguruan? Gipuzkoako aldea Aiako Harria Parke Naturaleko zatia da, baina hori ez da nahikoa, soilketa handiak egin baitira. Orain, Errenteriak Baso Erreserba sortuko du, Nafarrokoa oraindik batere babesik gabe jarraitzen duen bitartean. Lehen urratsa baino ez da. Aurreko mendearen hasieran izan ziren bezain azkar eta ausarta izango al gara gu?
Uholdeak. Zerbait naturala eta aberasgarria izatetik hondamendia ekartzera pasatu da. Egipton “nilometroak” zeuden, Luxorrekoa kasu. Horien bitartez Nilo ibaiaren haziera edo uholdea neurtzen zuten eta horren arabera zergak ezartzen zituzten, ibaiak ekarritako lohien araberako uzta espero zelako. Uholdea=ongarria=uzta ona eta jana. Urumearen uholde lautada bereziki aberatsa izan da, bertan nekazal-lur onenak zeudelarik. 45 mko sakonera zuten lurzoruak daude Astigarraga eta Martunene aldean. Egun, Urumeako aranean azpiegitura erraldoiak pilatzen dira (Urumeako autobidea, 2. saihesbidea, Abiadura Handiko Trena…), gero eta etxe gehiago (Ergobian esaterako). Ertzak okupatu eta paisaia aldatu ez ezik, hidrodinamika eta hidromorfologia ere aldatzen ari gara eten gabe. Bizkarra eman diogu ibaiari. Bai etsaia bilakatu ere. Dagoeneko hemen bertan ezin duguna landu eta jaso, eraikitako errepide horietatik ekarri behar dugu…
Xabier Rubio Pilarte
Haritzaldeko naturzalea