Uztaila jazza da
Nire urtebetetzeak Jazzaldiarekin bat egiten du beti, zorte hori daukat. Niretzat antolatu izan balute bezala da. Musika beltzaz gain, beti gustatu izan zait Donostian egun hauetan arnasten den giroa. Jaialdiko kartel zaharrak berrikusten ari nintzela, ezaguna egiten zaidan lehenengoa 1978koa da, beraz, pentsatzen dut garai hartan hasi zidala atentzioa ematen hizkuntza ulertezinak hitz egiten zituen eta motxilekin zetorren kanpotarren tribu guzti hark. Anoetako kirolgunearen inguruan kanpin-dendaz osatutako hiri txiki bat sortzen zuten, eta Karmelo Balda frontoiko kantxa lo-zakuz betetzen zuten. Kanpoko jendea, herrialde desberdinetakoa, beraien motxila, sandalia eta galtza motzekin: oin-beltzak. 1978an eta lehen 80etan, galtza motza eta hippie itxura zeraman norbait ez zen Donostiakoa, ziur. Liluratzen ninduen jazza zuzenean entzuteko urrutitik zetorren jende hark. Gainera, jazza, bluesa eta kaleko musikariek hobeto edo okerrago egiten zuten beste hainbat musika mota entzuten ziren hiri guztitik.
Ordutik ez dut inoiz huts egin Jazzaldian. Nola aldatu den ikusi dut, munduko izen handiko artista eta bandak ikusteko aukera izan dut, eta gogoan hartzeko moduko momentuak bizi ditut, hala nola, Weather Report taldeko perkusio-jotzaileak 1984ko edizioan egindako triangelu soloa! Ikaragarria! Beste momentu gogoangarri batzuk izan ziren: 1989an Johnny Clegg hanka igeltsatuta zuelarik Belodromoan dena ematen aritu zenekoa, Bela Flecken eta bere taldeko musikari bakoitzaren birtuosismo ikaragarria, edo 2011n Trinitate plazan Cyndi Lauperrek eta batez ere Mavis Staplesek eskaini ziguten gau zoragarria, euri-zaparrada etengabe baten azpian.
Ustekabeak ere izan ditut, hala nola, Viktoria Eugenian bi minutuz aguantatu genuen tronpeta-jotzaile hori; berandu hasi zen beste piano-jotzaile hori, agurtu ere egin ez zuena eta kasik antzokitik bota gintuena; edo bere biolina bezala zuriz jantzitako biolin-jotzaile frantses hura, sorginkeriaz izango balitz bezala Belodromoko publikoa desagerrarazten joan zena.
Baina Jazzaldiko hoberena hemengo musikariei ehunka pertsonen aurrean jotzeko ematen dien aukera da, musika beltza interpretatzen. Nazioarteko maila duten musikari profesionalak ditugu, urtean zehar bizimodua ahal duten moduan ateratzen dutenak, klaseak ematen eta zuzeneko musika programatzen dute lokalen zirkuitu txikian jotzen, askotan ikusleria minimoen aurrean eta ia musu-truk. Bilatu itzazue programan eta bilatu itzazue urtean zehar. Pista batzuk: Mojo Hand, Hot Potato Blues Band, Broken Brothers Brass Band… Eta askoz gehiago daude.