'Valentzia'
Xabier Vazquez, realzalea
Ez dit oroitzapen onik ekarri Valentziako partidak. Ez da harritzekoa. Behin soilik izan naiz eta Realak Bigarren Mailako bidearen azken urratsa eman zuen. Larunbatean berriro ere bere burua erdi-erdian kokatu zueneko bide bera, nahiz eta ez dagoen orduan bezain egoera ilunean. Gogoan dut hasieran ez nuela inondik inora Valentziara joateko asmorik, astelehenean lana nuen, baina batez ere Bigarren Mailarako jaitsiera bertatik bertara ikusteak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina astean zehar kasualitatez hurrengo egunean lanik ez egiteko… barka, lantokira ez joateko aukera gertatu zitzaidan eta bat-batean joateko proposamena egin zidaten eta ideia buruan bueltaka hasi zitzaidan. Azken finean, realzale garen heinean halako une bereziak bizi izanaz harrotu beharra dugu, bilobei kontatzeko batailitak behar ditugu. Puertollano, Molinon, Zaragoza eta, Andoni Egañaren bertso musikatuetako gai diren oroitzapenez gain, Valentzia bezalakoak ere behar badira. Eta nik esango nuke, Arestiren egin moduan, besteek bezainbat edo baino gehiago balio dutela. Beraz, hara joan nintzen, Reala Bigarren Mailara jaisten ikusiko nuela erabat jantzita izan arren. Gogoan dut Valentziarako sarrera zer nolako itsusia iruditu zitzaidan. Gogoan ditut Valentzian ikusi nituen ezagunak, asko esperotakoak, batzuren batzuk inondik inora ustekabekoak. Gogoan dut orokorrean gaztetxo pila ikusi nuela (kurtsoa bukatuta zegoen). Baina buruan sartuen dudan irudia kanpoko zaleentzako zonaldean dauden ditxosozko hesi txiki horiena da. Horietako baten gainean euskarrituta ikusi nuen partida, horien gainean ikusi nuen jendea, eta horien artetik ikusi nituen jokalariak txaloka jaitsiera gauzatutakoan. Berriz ere ikusi nahi ez nituzkeen irudiak, zorionez (ala zoritxarrez) eskura dugu mantentzea, etxeko bi partiden emaitzen arabera. Zer? Aurtengo Valentziako partidaz hitz egin nezan nahi zenutela? Tira, aizue, partida ikusi zenuten eta badakizue zer esan handirik ez dela. Esateko onik ez denean, hobe ixilik geratzea. Espero dezagun behintzat hemendik urte batzuetara larunbateko partidaz eta orain datozkigunez ez hitz egitea, seinale txarra litzateke. Noizean behin une goibeletatik izaera indartzea ondo dago. Jo eta pasa egitea masokismoa da.