Venezuela, gure bigarren aberria
Hemen bizi genuen egoerak eraginda Venezuelara joatea erabakitzerakoan, batekin eta bestearekin informazioa jasotzeko asmoz hitz egiten hasi ginenean, konturatu ginen ez ginela lehenengoak gure lurraldetik atzerrira joateko asmotan genbiltzanak.
Konturatu ginen Venezuelari hemengo askok gure bigarren aberria dela esaten ziola; konturatu ginen hori zergatik esaten zioten, han familia zutenek, azken finean, Venezuelarekin harremanak izan zituztenek eta egun harremanetan zeudenek.
Gure historiara begiratzen badugu, kolonia izan zen garaitik hasita, harreman estuak izan ditu gure herriak Venezuelarekin. Gogoratu besterik ez dago Gipuzkoako Caracasko Konpainia deitzen zen taldeak izan zuen harremana lurralde horrekin. Gogoratu Simon Bolivar askatzailearen jatorria.
Garai horiek igaro ziren eta izan genuen azken guda madarikatuaren amaieran lurralde horretara joandako milaka eta milaka hemengo errefuxiatuak ere gogoan izan behar ditugu. Duela 40 urte, Caracasen lau mila familia euskaldun zeuden bertan bizitzen. Datu horiek guztiak gogoan izanda, ez da harritzekoa Venezuelari euskaldunon bigarren aberria deitzea.
Azkenaldian, berriz, bertan gertatzen ari diren kontuengatik egunero, hemen bizi garenon artean zeresana ematen ari den lurraldea da. Bertako gertakizunek era guztietako iritziak eta jarrerak eragiten ditu. Nicolas Maduro, bertako presidentea, AEBetako espetxe batean dute. Zortzi milioi venezuelarrek alde egin omen dute bertatik, bizimodu hobearen bila. AEBek lapurtu nahi dizkiete dituzten petrolioa eta mineralak.
Eta egoera honen guztiaren aurrean guk, bai hemen bizi garenok, bai han bizi direnek, erabat desberdinak diren jarrera politiko sozialak defendatzen ditugu. EAJko batzuek diote hango agintariak diktadore baten agindupean daudela eta ezker abertzale inguruko gehienek, berriz, hango agintariak herritarren defendatzaileak eta herritarren emantzipazioaren defendatzaileak direla diote.
«Trumpek egin duenaren alde zeintzuk atera diren ikusi besterik ez dago, Corina Machado eta konpainia, eta gure Anasagasti eta Josu Jon eta euren enparauak»
Gogorra egiten da Josu Jon Imaz Trumpekin bileran ikustea eskerrak ematen Venezuelari egindako eraso inbaditzaileagatik, 100 lagunetik gora hil zituzten arren, eskerrak ematen. Lotsagarria izan da ikustea Trumpi eskua emanez eta esanez, pozgarria dela Venezuelan egin duena. «Eskerrik asko Venezuela hobea izateko atea irekitzeagatik». Eta, ondoren, bere ohiko alderdiko buruak ere bere alde azaltzen.
Venezuela ezagutzen duenak badaki bertako jendea nola bizi izan den eta nola bizi den. Hainbeste txabola edo ranchito leku gutxitan ikusiko ditugu, baita hainbeste miseria ere. Nola da posible hain lurralde aberatsean hainbeste pobre.
Urteak eta urteak eman dituzte bi alderdik txandakatzen boterea (COPEIk eta Accion Democraticak), kristau demokratek eta sozialdemokratek, eta ez batzuek eta ez besteek ez dute ezer egin bertako jende xehearen alde. Chavez izan zen saiatu zena eta ondoren berak ordezko hautatu zuen Maduro, hau da, chavismoa da Venezuelako herriaren emantzipazioaren eragile nagusia.
Orain, Trumpek egin duenaren alde zeintzuk atera diren ikusi besterik ez dago, Corina Machado eta konpainia, eta gure Anasagasti eta Josu Jon eta euren enparauak.
Talde hau etengabe esaten ari da azken hauteskundeak irabazi zituztela. Hori da euren defentsa nagusia, baina Trumpek ez du hori gehiegi sinisten, publikoki esan baitu behin eta berriz delako Corina horrek ez duela Venezuelako herritarren babesik. Eta azken egun hauetan hedabideetan ikusi dugu Le Monde Diplomatique-eko zuzendari Ramonet ere zalantzan jartzen antichavistek irabazi zituztela hauteskundeak.
Azken finean, chavismoa da egun Venezuelan nagusi, eta Ramonetek dioen moduan, Maduro laster ekarriko dute etxera.
