Woody
Denbora daramagu gure hirian grabatzen ari den Woody Allen zinemagilearen inguruko pelikulari buruz hitz egiten. Parte Zaharreko gaztetxeak eskegi zuen, eztabaida honen hasieratan ‘Woody go home’ adierazten zuen pankarta bat, turistifikazioak ekarri zitzakeen masifikazio, zarata edo beste ondorio batzuk salatu nahian. Egun hauetan ere ikusi ditugu norabide berean zihoazen beste mobilizazio eta erreklamazio batzuk. Auzoa auzotarrentzat lelopean, espazio publikoak errekuperatu beharraren garrantzia azpimarratu da, Parte Zaharrean batez ere.
Baina hau esatearekin batera, beste elementu batek ere arreta eman dit egunotan. Ez baita Woody Parte Zaharrera ekitaldiak antolatzera etortzen den bakarra. Pelikula filmatzen hastearekin batera, hainbat eragilek ere aditzera eman baitute udazkenerako ekitaldi hainbat antolatuko dituztela, ohikotik at, Parte Zaharrean. Eta egia esateko, hauen inguruan ez dut kexa bakar bat ere entzun. Are gehiago, poza eta txaloak ikusi ditut inguru gehienetan, nahiz eta, seguraski, masifikazioa eta zarata berdin gertatuko diren auzoan hauekin ere.
Egia da gizakiok definizioz garela izaki kontraesankorrak. Eta hori bezainbeste, denoi kostatzen zaigula geure burua kritikotasunez begiratzea, gainontzekoak erraz kritikatzen ditugun bitartean. Tokatzen zaigun kasuan, eta fenomenoaren analisia egitea medio, ez ote litzake egokiagoa auzora zarata edo jendetza ekar dezaketen fenomeno guztiak aztertzea? Txiosfera apur bat begiratuta, esango nuke atzerritarrak kritikatzea askoz errazagoa zaigula guztioi gure dinamika propioei begira jartzea baino ezen, guk ere ezin al dugu beste auzo edo espaziotara joan? Agian uste baino antzekoagoak gara denok.