Xabier Arzelus: 'Gizartearen aurkako krimenak 1813an'
Donostia Sutan mugimenduak 1813an donostiarren aurka eginiko krimenak argitzeaz gain basakeria haien erantzuleak zeintzu izan ziren zehazten hasia da. Ondo hasi ere – esango nuke- bere salaketek historialari “profesionalen” ikuspegiekin bat ez bait dator. Iñaki Egaña, esate baterako, historialari ofizialisten tximist gehienen
tximistorratz bilakatu dute, Egaña “historialari zaletu huts” eta “ezjakina” dela azpimarratuz, “zaletu”-ek, sarritan, “profesionalek” baino lan seriaogoak burutzeko eta, batez ere, inolako baldintzarik gabe lan egiteko gauza direla sarritan ikusi bada ere.
Orain arte sarraski haietaz izan dugun bertsio ofiziala – militar espainiarrek ez zutela Donostiako sutean inolako erantzunkizunik izan, hain zuzen ere- kolokan jarri dute “Donostia Sutan’’ mugimendura bildu diren “zaletu’’en ikerketa historikoek, argi ikusi baitute Castaños general espainiarrak, esaterako, Donostian burututako basakerietan erantzunkizunak izan zituela, era honetan historialari ofizialisten kontakizunak zalantzan jarririk. Donostia Sutan-ek bertsio ofizialak Gernikako bonbardaketen ondoren hedatukoekin parekatzen ditu, Gernikan ere bertoko biztanleei leporatu bait zieten urte luzez historialari “profesionalek” Gernikaren suntsiketa eta sutea.
Orain urduri jarri diren historialari “jakitunek” (?) hobe lukete – borondate onez ari badira bederen- historialari “zaletuek” aurkitutako eta azaldutako frogak kontuan hartu eta arretaz aztertuko balituzte, beste diziplina askotan gertatzen den antzera. Astronomian, esaterako, azken urteotako aurkikuntzarik txundigarrienak zaletuen lanari esker burutu izan dira, zaletu horien lana arbuiatu ez baizik eta onartu eta txalotu egin
bait dituzte zientzi horretako profesionalek. Historian ere, profesionalek “zaletuak” izan arren Donostiako historian jakitunak eta berezituak dauden pertsonen lana ere gutxienez aztertu beharko lukete.
1813an hil zituzten donostiarren omenez burutuko diren omenaldiez gain, Donostian gizartearen aurkako krimenen erantzule nagusien izenak ezagutaraziko lituzketen ekimenak ere nahi ditugu donostiar “arruntok” eta benetan gertatu zena ezagutu nahi duen edonork. Eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu Donostia Sutan-en lana.
Eta, bide batez, hiria berreraikitzeko momentuan oker eta donostiar gehienen aurka jokatu zutenen izen-abizenak ere jakin nahi genituzke, hondamendi handi gehienetan gertatzen den antzera, Donostia berriro eraikitzerakoan ere ez bait ziren gutxi izan herriaren kontura aberastu ziren putreak.